 |
|
 |
 |
Ikastetxez Ikastetxe
|
Zubiri Manteo BHI
|
|
|
Nolako zura, halako ezpala
|
|
Aita judoko irakasle zuela-eta hasi zen Dasnel González Zubiri Mantero BHI-ko ikaslea kirol hori egiten. Espainiako onenen artean dago, gainera.
|
Futbola, saskibaloia, boleibola, sofbola… Kirol ezagun eta ez hain ezagunak lantzen dituzte Zubiri Manteo ikastetxeko soinketako eskoletan. Horrez gain, eskola ordutik at ere, kirol ekitaldi eta talde ezberdinak dituzte. Hala, saskibaloiko sei talde dituzte. Bera Bera klubari esker, horietatik hiru emakumezkoak dira, eta Interren laguntza dela-eta, gizonezkoen beste hiru. Futbolean gutxi aritzen dira, baina egiten dutenek Kostkas taldean dihardute.
Nolanahi ere, judoka bat, Dasnel González kubatarra da ikastetxean duten txapeldun handietako bat, eta bere mailan, Espainiako onenen artean dago. Bestela, bere emaitzei begiratzea besterik ez dugu. Espainiako txapeldun eta txapeldunorde izan da judoan, eta 3. postua eskuratu du borroka librean.
Familiako kontua
15 urte ditu Dasnelek, DBH3an dabil ikasturte honetan, eta berak nabarmendu digunez, «ia bizitza osoa daramat judo egiten, izan ere nire aita judoko irakaslea zen, eta berak animatu ninduen kirol hau probatzera. 5 urterekin hasi nintzen, eta kirol hau beti egon da presente nire etxean».
Judo Club San Sebastián taldearekin lehiatzen da gazte kubatar hau, eta urte hauetan guztietan emaitza bikainak erdietsi ditu. «Gauzak ondo joan zaizkit, ezin naiz kexatu». Bere ikastetxean ez da kirol hau egiten duen ikasle bakarra, «badira gehiago, baina ez dugu geure ikastetxearen laguntza beharrik, federatuta baikaude». Dasnelek aitortu digu ez duela beste kirolik praktikatu. «Beti judoan aritu naiz, baita ikastetxeko soinketa eskolako kirolak praktikatzen ere, baina hortik aurrera, ezertxo ere ez. Dena den, aukera izango banu, saskibaloian gustura asko jokatuko nuke».
Trebea, indartsua...
Dasnelen aburuz, judoka ona izateko trebea, indartsua eta bizkorra izan behar da. «Kontaktu fisiko handiko kirola da, kolpe asko hartzen dira, baina ez da oldarkorra. Dena den, kalean erasoren bat izanez gero ere, horren aurrean defendatzeko kirol egokia da judoa, inondik ere».
Judoka ona izateaz gain, Zuhaiztin astean bi egunetan eskolak ematen ditu. «Horixe da nire asmoa, judoko irakaslea izatea; tira, eta amesten hasita, inoiz txapeldun olinpikoa izatea».
|
|
Nor da?
|
Izena: Dasnel González Martínez.
Sorlekua: Kuba.
Bizilekua: Donostia (Herrera).
Adina: 15 urte.
Ikasturtea: DBH3.
Taldea: Judo Club San Sebastián.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |