Bolantea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 4 2003/05 »  Bolantea

Bolantea

         





Bolantea ez da

gidatzeko bakarrik




Gidatzeko ez ezik badmintonean jokatzeko ere erabiltzen da bolantea.Oraindik kirol ezezagunsamarra den arren, Donostian bada aukerarik horretan aritzeko, bost klub baitaude.



Squasha, tenisa eta padelaren antzeko kirola da badmintona, baina horiekin alderatuta bolantea erabiltzen da jokorako badmintonean, eta aipatu beste kiroletan, berriz, pilota. Ez da erraza jakitea jatorria non duen, baina XVII. mendean antzeko joko bat bazegoela esan daiteke, gerora Indian zale asko izan dituena. Europara, Ingalaterrara hain zuzen ere, XIX. mendean iritsi zen, eta Espainian, ostera, 60ko hamarkadan hasi ziren kirol honetan Galizia aldean. Euskal Herrian, bestalde, Gipuzkoa izan da badmintonaren aitzindaria, eta 1986 urtean jaio zen Gipuzkoako Federazioa. Geroago eratu zen Euskadikoa.

Eskola Kiroleko Jardueren Programaren barruan dago badmintona, eta ikasturte honetan ikasle asko animatu da kirol hau ezagutzera. Gustatu eta badmintonean jokatzen jarraitu nahi duenak, gainera, Donostian badu nahikoa aukera horretarako, izan ere bost klub baitaude bertan: Aldapeta, Zuzenbide F.T., Ubarretxena, Bidebieta eta Universitario Donostia.

Tenisaren antzekoa

Nola jokatzen da badmintonean? Tenisaren antzeko joko eremuan jokatzen da, 6,1 metroko zabalera eta 13,4ko luzera duen eremuan. Erdian sarea dago, eta jokalariak sarearen gainetik aurkariaren joko eremura jaurti behar du bolantea erraketaz.

Hiru modalitate bereizten dira kirol honetan: banaka eta binaka (gizonezko eta emakumezkoena), eta bikote mistoa (gizonezkoak eta emakumezkoak osatutakoa). Bi joko irabazten dituenak irabaziko du partidua, eta berdinketa gertatzen bada hirugarren eta azken jokoan erabakiko da. Jokoak 15 tantora izaten dira gizonezkoetan, 11ra emakumezkoetan. Tanto bat lortu ahal izateko sakearen jabe izan behar da, eta jokalari batek tantoa galtzen badu sakearen jabe izanda, ez zaio aurkariari tantoa emango. Sakea egingo duena eta sakeari erantzun behar diona, bakoitzaren sake eremuan kokatuko dira, elkarren diagonalean marrak zapaldu gabe.


Bolantea

4,74-5,5 gramoko pisua du, eta kortxozko oinarri bati itsatsiak dauden 6 zentimetroko luzerako 16 luma ditu. Kortxoak 25 mm eta 28 mm arteko diametroa du eta kolpea hartzen duen aldea esferikoa da. Bi motatako bolanteak daude: lumadunak, lehiaketa ofizialetan goi mailako jokalariek erabiltzen dituztenak batetik. Bestetik berriz nylonezkoak, hasiberrientzat, aisialdirako eta eskolako txapelketarako egokiak direnak.







Oso garrantzitsua da, eta ondo aukeratu behar da. Kontuan hartu beharrekoak dira erraketaren pisua, honen banaketa eta heldulekuaren lodiera. Denda berezietan erraketa metalikoak eta aluminiozkoak aurki daitezke, oso astunak. Badmintonean sarri aritzen direnentzat eta txapelketan parte hartzen dutenentzat, karbono-zuntzezkoak dira aproposenak. Garrantzitsua da, halaber, erraketaren heldulekua ondo egokitzea eskuaren tamainari, eta horretarako hain zuzen komenigarria da izerdiaren aurkako gripa eranstea.