Protagonista


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 4 2003/05 »  Protagonista

Protagonista

VANESSA CARRASCO



Igerilari minusbaliatua



Bizkarrezur bifidoa izeneko gaitza du Vanessa Carrascok jaio zenez geroztik. Makuluekin ibiltzen zen iaz arte, baina hazten joan ahala pisua hartu eta orain gurpildun aulkian dabil. Dena den, txikitatik igeriketan aritu da, eta horretan dihardu egun ere; emaitza onak lortuz, gainera.



Zer moduz moldatzen zara igerian?

Hankak ez ditut erabiltzen. Lehen apur bat mugitzen nituen, baina orain jada ez, eta besoez baliatzen naiz igeri egiteko. Hala ere, entrenatzaileak esaten didanean hankak mugitzeko mugitzen ditut, baina igeri egiteko kontzentratzen naizenean ez.

Noiztik egiten duzu igeri?

Uff, ez naiz gogoratzen. Badakit txiki-txikitan hasi nintzela, ikastaroren bat egin nuela, baina ez dut gogoan zenbat urte nituen igerilekuan estreinakoz sartu nintzenean.

Gogorra egin al zitzaizun igeri egiten hastea?

Ez pentsa, izan ere igeriketa ikastaroak egiten hasi nintzen, eta hiru urte eman nituen igeri egiten ikasten. Ondoren, entrenatzen hasi eta handik pixka batera lehiaketak etorri ziren.



Eta nola otu zitzaizun lehiatzea?

Ikastaroa ematen zidan begiraleak animatu ninduen, batez ere. Igeri ondo egiten nuela eta lehiaketetan emaitza onak lor nitzakeela esan zidan. 10 urterekin parte hartu nuen lehenengo proban.

Martxoan Donostian egin zen Minusbaliatu Funtzionalentzako Nazioarteko Igeriketa Txapelketan parte hartu al zenuen?

Bai, eta oso oroitzapen ona dut, gainera.

Zergatik?

Nire asmoa ez zen irabaztea edo dominaren bat lortzea, neure burua probatzea baizik; eta, azkenean, brontzezko domina eskuratu nuen 100 metroko bizkar-igeriketan; ezusteko handia hartu nuen.

Bizkar-igeriketa da, beraz, zure espezialitatea?

Beno, bizkar-igeriketan ondo moldatzen naiz, baita crowlean ere. Lehen, S7 kategorian nenbilen, eta 50 metroko distantzietan aritzen nintzen; orain, berriz, S8an eta 100 metroko distantzietan aritzen naiz.

Eta zergatik igeriketa eta ez beste kirolen bat?

Gaitza dela eta, egokiena igeri egitea zela esan zidan medikuak.













Nor da?

Adina: 12 urte.

Ikastetxea: Koldo Mitxelena. DBHko Lehen Maila.

Kluba: Kemen.









Zenbat entrenamendu egiten dituzu?

Astean lau egunetan –astegunetan normaleaneta entrenamendu bakoitzean ordubete ematen dut gutxi gorabehera.

Nolako entrenamenduak dira?

Uretan entrenatzen naiz beti. Orain arte 40 luze egiten nituen saio bakoitzean, baina orain gehiago; lehiaketaren bat hurbildu ahala, berriz, erlojuaren aurka aritzen naiz igerian.

Igerilari minusbaliatu guztiek batera entrenatzen al duzue?

Bai, lehen bost igerilari minusbaliatu aritzen ginen elkarrekin, baina orain bik bakarrik jarduten dugu.

Eta helbururik ba al duzu?

2008ko Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukerak izan ditzaket. Uztailean Espainia mailako txapelketa bat ere badugu, nahiz eta oraindik erabat zehaztu gabe egon, baina horri begira ari naiz entrenatzen.

Gabeziaren bat izanagatik, kirolean jardun daitekeela frogatzen ari zara behintzat...

Noski, eta oso osasungarria da. Horregatik, gabeziaren bat duten guztiak animatzen ditut kirolen bat egitera.