|
Patinatzailea izateaz gain, entrenatzaile ere izandakoa da Eider Etxeberria lau urtez. Urte asko egin ditu patinaje artistikoan, eta berak aditzera eman digunez, oraindik ere kirol honen gainean dauden aurreiritziek indar handia dute. «Praktikatzaile kopuruari begiratzen badiogu, nesken kirola izaten segitzen du patinaje artistikoak, baina egia da Txuri Berri Donostiako klubean orain lehen baino mutil gehiago dagoela, eta 17-18 urteko mutil batzuk ere badira».
Lucia Etxebarriak 11 urte ditu, eta berak aitortu digunez, «nire inguruan ez dut mutilik ezagutzen patinaje artistikoa egiten duenik edo egingo lukeenik, baina nahiko nuke mutilen bat honetan hastea, eta ziur nago gainera, sorpresa atsegina hartuko lukeela, oso kirol polita delako, eta inola ere ez neskentzat bakarrik». «Oraindik ez da kirol ezagunegia geure artean -dio Eiderrek-, are gutxiago mutilen artean, eta urrats handiak egin behar dira mutilengana behar bezala iristeko…».
Inbidia handia Lucia bere ikastetxeko adiskide baten bitartez sartu zen kirol honetan. «Patinatzen ikusi nuen estreinako aldian asko gustatu zitzaidan, inbidia handiarekin begiratzen nion, eta berehala hasi nintzen neu ere, bospasei bat urterekin». Eider, berriz, bere ahizpak bultzatuta hasi zen patinatzen. «Berak patinatzen zuen, gustatu eta 4 urterekin hasi nintzen honetan».
Kirol erraza ez dela onartu digu Luciak, «baina behin probatzen duzunean, patinajearen pozoia barru-barruraino sartzen zaizu. Nik ez nuen inondik inora pentsatuko honetan hasi nintzenean hainbeste gustatuko zitzaidanik patinaje artistikoa». Lan asko egin behar da, zail samarra da, «jauziak ondo egitea, batez ere», baina Luciak oso gustura aritzen dela azpimarratu du. «Jauziak ondo ikastea zaila da, baina finean mugimendu guztiak ondo koordinatzea da konplikatuena, mugimendu guztiak musikarekin egoki koordinatzea, bereziki», erantsi du Eiderrek. «Eta jakina, kontzentrazio maila handia izatea uneoro».
Astean sei bider entrenatzen du Luciak ordubetez, «eta bi orduz alderdi fisikoa landu behar badugu, baina aitortu beharra dut fisikoa lantzea ez dela gehien gustatzen zaidana… Niri pistan sartu eta patinatzen hastea gustatzen zait».
Urtebete eskas da Eiderrek patinaje artistikoa utzi zuela, baina ondo baino hobeto ezagutzen du Lucia, nola patinatzen duen, «eta etorkizun oparoa duela ziur nago. Oso gaztea da, oraindik gauza asko ditu hobetzeke, baina azkeneko alditan patinatzen ikusi nuenean asko gustatu zitzaidan, fisikoki ere indarra hartzen ari da, eta hori oso garrantzitsua da. Nabaritzen da kirol hau ikaragarri gustatzen zaiola».
Euskadiko txapeldun Lehiaketetan, besteak beste Euskadiko txapeldun izan da Lucia infantilean, «izan ere, oso patinatzaile lehiakorra da, eta ez da inoiz behera etortzen», aipatu du Eiderrek. Luciak, albotik: «Egia esan, lehiatzen hasi aurretik urduri samar egoten naiz, baina gero pasa egiten zait; ezbeharren bat, eroriko bat badut ere, ez naiz hondoratzen, aurrera egiten dut»; «eta hori oso inportantea da -dio Eiderrek. Psikologikoki indartsua, gogorra den seinale».
Aurrera begira, Eiderrek Luciari konstantzia handia izatea gomendatu dio. «Une txarrak igaroko ditu, eta orduan saiatu behar du burua ez makurtzen. Hori eta, lana, lan asko egitea». Lucia prest azaldu da hori guztia egiteko. «Kirol hau maitea dut, lan asko egiteko prest nago, baina onartu beharra dut adiskideekin egotea ere nahi dudala, eta tira, biak uztartzen ahaleginduko naiz etorkizunean».
|