|
Gaur egun, kirola egitea omen da erlijio berria. Hala diote hainbat soziologok.
Osasuntsu egoteko garrantzitsua denez, gero eta lagun gehiagok egiten du kirola. Baina horrekin batera, kirola egiteak beste ondorio batzuk dauzka: bizitzarako garrantzitsuak diren balioak ikas daitezke. Horixe da, hain zuzen, Antigua-Luberri BHIn egiten dutena. Eskolaz kanpoko orduetan, kirol-eskaintza handia daukate ikasleek, eta eskaintza horren bidez, «kirolaren berezko balioak erakutsi nahi» dizkietela esan du Vicente Villar koordinatzaileak.
Duela hamar urte ekin zioten ekimen horri, eta egun, 12 eta 18 urte arteko 324 ikaslek hartzen dute parte. Ia-ia, ikasle guztien erdiak, hain zuzen. Villarrek azaldu duenez, «hiru kirol lantzen dituzte, batez ere: futbola (181 fitxa), saskibaloia (82 fitxa) eta hockeya (13 fitxa)». Ikasleen eskaeretan oinarrituta erabakitzen dute zer eskaini, eta hala, aurten, ikasleek eskatu dute hockeya lantzeko.
Astero, bizpahiru entrenamendu egiten dituzte ikasleek, eta asteburuetan, partidak jokatzen aritzen dira. ‘Partidak’ hitza entzun orduko, berehala datorkigu burura beste hitz hau: lehiaketa. Baina Villarrek dioenez, helburuak lehen esandakoak dira: «Ezin dugu ukatu errendimenduak zerikusi handia duela kirolean, baina gure eskaintzaren oinarria da kirola gustuko duenari aukera ematea». Horrekin lotuta, «lagun artean eta ikastetxeko kideekin ekintza ludiko batean parte hartzeko aukera ematen» dutela gaineratu du. Azalpena borobiltzeko, esaldi hau erabil du: «Ondo pasatzea da helburua».
Euskararen eta gurasoen garrantzia
Eskolaz kanpoko orduetan kirola lantzen duten ikasleak eskola-kirolean edo kirol federatuan aritzen dira asteburuetan. Adinaren arabera zehazten da zer lehiaketatan aritu behar duten. Baina batean ala bestean jardun, kirol bat ala bestea aukeratu, denetan bada ezaugarri bat: euskararen presentzia. «Kirola egiteko garaian, euskararen erabilera eta presentzia bermatzen saiatzen gara, komunikazio-tresna nagusia izan behar duen aldetik», azaldu du Villarrek.
Ikasle eta kirolari kopuru handi horri laguntzeko ezinbestekoa da jende askoren lana. Boluntario asko daude: entrenatzaileak, delegatuak, gurasoak... Villarrek dioenez, «denen lana behar da, baina gurasoak dira oinarri. Izan ere, Guraso Elkartearen baitan sortutako Antigua-Luberri BGE izeneko kirol-elkarteak kudeatzen du guztia».
|