Krafft Atletico


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 42 2008/02 »  Krafft Atletico

Ezagutu ezazu

Krafft Atletico San Sebastian mahai teniseko taldea

Taldeko hiru jokalari: Maite Elizasu, Noelia Santamaria eta Rakel Zabaleta.
Helburua beteta
Krafft Atletico San Sebastian mahai teniseko taldea da, eta emakumezkoen Ohorezko Mailan jokatzen ari da lehenengoz. Liga erdia baino gehiago jokatuta helburua bete dute: mailari eustea.

Gauza ederra izan behar du lehiaketa hasi aurretik jarritako helburua uste baino lehen lortzea. Pozaz gain, lasaitasuna ematen du egoera horrek, eta lehiaketa bukatzeko falta diren partidetan, normalean baino gehiago gozatzeko aukera izaten da. Hori guztia bizitzen ari dira Krafft Atletico San Sebastian mahai teniseko taldeko emakumeak.


Izan ere, denboraldi honetan egin dute debuta Ohorezko Mailan, eta dagoeneko, bete dute helburua: mailari eustea. Espainiako bigarren Liga garrantzitsuenean ari dira jokatzen, eta balentria handia egin dute. Lorpen hori ezingo zuten erdietsi lan egokia egin gabe, eta arlo horretan eragina duenetako bat da Joaquin Pla entrenatzailea. Talde-lana nabarmendu du: «Oso lan ona egin dugu, eta denen artean gainditu debutari izatearen oztopoa».


Suediatik etorritako «oparia». Sei jokalarik osatzen dute taldea. Gazteak dira, 17 urte artekoak, eta guztien ekarpena ezinbestekoa izan da. Denek jokatu baitute. «Hiru jokalarik jokatzen dute asteburu bakoitzean, eta txandaka erabiltzen ditugu sei emakumeak, denek jokatzeko aukera izan dezaten», azaldu du bere filosofia Plak. Denak dira donostiarrak edo ingurukoak. Beno, ia denak. Izan ere, jokalari bat kanpotik etorri zaie. Entrenatzaileak kontatu digu istorioa: «Suediatik Donostiara etorritako ikasle batek jokatu du gurekin lehen itzulian. Hiru hilabeterako etorri zen, eta asko lagundu digu». Nabari zaio Plari gustura dagoela suediarraren ekarpenarekin: «Loteria tokatzea bezalakoa izan da».


Asteburuetan maila ona emateko, gogor entrenatu behar da lehendabizi, eta donostiarrak hiru egunez biltzen dira, bi orduko saioak egiteko. Bidaiei dagokienez, batzuk nahikoa luzeak izaten dituzte; hain zuzen, Asturiasera, Kataluniara eta Madrilera egin beharrekoak. Baina gustuko tokian aldaparik ez dagoenez, gustura ibiltzen dira.


Are gehiago, hasieran jarri zuten helburua bukaerara iritsi aurretik lortuta badaukate.