Olatz Alkain


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 42 2008/02 »  Olatz Alkain

Protagonista

NOR DA?

- Jaioteguna: 1998-03-09
- Herria: Donostia
- Palmaresa: Kadeteen bigarren mailan hirugarren Espainiako Txapelketan; jubeniletatik gaur arte, Espainiako txapeldun maila guztietan, pista estalian eta kanpoan.

«Pertika esker txarrekoa da. Zuk asko
eman arren, ez dizu asko bueltatzen»



Olatz Alkain pertika jauzilaria

Olatz Alkain jauzia egiten, langa pasatu eta beheranzko bideari ekiten.
«Urrutiko helburuak lortzeko gertukoak lortu behar dira lehendabizi»
Kluben arteko Erreginaren Kopan hirugarren izan zen pertikan Atleticorekin. Madrilen ikasten eta entrenatzen ari da donostiarra, eta txapelketa garrantzitsuak prestatzen dabil.

– Zer moduz doakizu denboraldia?
– Iaz etorri nintzen Madrilera entrenatzera, baina gauzak ez zitzaizkidan ondo atera. Aurten, hasieran gaizki hasi nintzen, baina pixkanaka hobetzen joan naiz. Ez dago gaizki baina hobetu dezaket.


– Anbizio handikoa zarela ezin ukatu, behintzat. Ezinbestekoa al da helburu handiak lortzeko?
– Egia da anbizio handia dudala. Baina horretaz gain, burua bere lekuan eduki behar da. Izan ere, urrutiko helburuak lortzeko gertukoak lortu behar dira lehendabizi.


– Hemendik aurrera zer lehiaketa dauzkazu?
– Bi aste barru, otsailaren 16an, promesen Espainiako Txapelketa daukat, eta gero, handik astebetera, txapelketa bera baina absolutua. Postu onak lortu nahi ditut.


– Noiz hasi zinen pertikan?
– 15 urterekin.


– Nolatan?
– Kirol asko egiten nituen, eskola-kirolaren baitan. Igeriketan hasi nintzen baina ez zen nire kirola. Kirolik egin gabe gelditu nintzen, baina aitak esan zidan ezin nuela horrela segitu. Atletismoan probatu nuen, eta pertikan beti jendea falta denez, horrela hasi nintzen. Gustatu eta hor jarraitzen dut.


– Pazientziaz gain, zer behar da pertikan ondo ibiltzeko?
– Lana, teknika eta gogoa. Oso zaila da, esaterako, ondo saltatzea. Gainera, pertika esker txarrekoa da, zuk asko ematen diozun arren, ez dizulako asko bueltatzen. Adibidez, sekulako entrenamenduak eginda joaten zara lehiaketara, eta ordu erdi batean lan guztia pikutara joan daiteke, hiru jauzi txar eginda.


– Nori begiratzen diozu gehien ikasteko?
– Naroa Agirre. Onena da hemen. Nazioartean, asko daude, gero eta emakume gehiago ari delako. Baina Isinbayeva esango dut.


– Naroa Agirreren oinordekoa al zara?
– Sinatuko nuke. Lotsa eta guzti ematen dit.