Herri kirolak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 5 2003/06 »  Herri kirolak

Herri kirolak

Herri kirolak


Euskal labela

duten jarduerak

Pilota ikastaroak gaztetxoei eskaintzen zaizkie soilik; arraunketa, berriz, guztiek egin dezakete

Herri kirolek ere badute, noski, tartea uda honetarako prestatu diguten kirol menu luze eta zabalean. Euskal Herriaren sustraietan sakon errotuta dauden bi kirolek betetzen dute aurtengoan herri kirolei emandako tartea: pilotak eta arraunketak.

Pilota ikastaroak egiteko aukera umeek dute soilik. Ikaskirola P.E.-k antolatzen dituen ikastaroetan eskola-umeek har dezakete soilik parte bi taldetan: 6-11 urte bitartekoak batean eta 12-16 bitartekoak bestean. Jarduera honek badu kontuan hartzeko moduko ezaugarririk. Batetik, bi ikastaro emango dira soilik, ekainean aurrena eta uztailean bigarrena. Bestetik, Carmelo Baldan egingo diren ikastaro hauek euskaraz emango dira soilik.

Lagun Artea K.E.-k biribiltzen du pilotaren inguruko eskaintza. Hiru txanda prestatu dituzte ekainean eta uztailean zehar, eta parte-hartzaileak bi taldetan sailkatuko dituzte: 6-9 urte bitarteko umeak batean eta 10-13 urte bitarteko gaztetxoak beste batean. Amara Zaharreko frontoian eguerdi partean emango dituzten ikastaroetan gaztelania izango da hizkuntza nagusia. Esan beharra dago, gainera, aurki daitezkeen ikastaro merkeenen artean daudela hauek, 12,37 euro ordaindu behar baitira soilik pilotari ondo ematen ikasteko.

Iazko udan 52 lagun animatu ziren pilota ikastaroa egitera. Lortuko ote da aurten kopuru hori gainditzea!


Adin guztietakoak arraunean

Ekainean hasiz gero, nekez iritsiko dira arraunari estreinakoz heltzen diotenak aurtengo Kontxako Bandera jokatzera, baina agian ikastaro hauetan izena eman duen ume edo gazteren bat izango dugu urte gutxi barru Donostiako traineruren bat goiko postuetara eramango duen arraunlari trebea...



Horrenbestera heltzen ez badira ere, ikastaro hauetan parte hartzen dutenek segurtatua dute Kontxan arraunean aritzea, Kontxako badia baita arraunketa ikastaroen egoitza.

Eta adina ere ez da muga... Gutxienez, hori bai, hamar urte behar dira arraunari heltzeko, eskola-umeei zuzendutako taldeetan 10-16 urte bitarteko gaztetxoak hartuko baitituzte uda osoan egingo diren lau txandetarako. Ordutegi aldetik ere zabala da aukera, goizez zein arratsaldez egin daiteke ordu eta erdiko arraunketa saioa. Ikastaroen erdia, gainera, euskaraz ematen da.

Ezaugarri bertsuak dituzte 17-29 urte bitartekoei eskainitako ikastaroek, baita 30 urtetik gorakoentzakoek ere, nahiz eta horiek zertxobait garestiagoak izan (52 euro bi asteko ikastaroa).

Arrauna kirol gogorra denik ezin uka, ezta ederren artean ederrenetakoa denik ere. Besteak beste, itsasoaz bertatik bertara gozatzeko aukera eskaintzen dio eskakizun fisikoa eta talde giroa uztartzen dituen kirol honek. Inork ez dezan aitzakiarik izan, egutegia, ordutegia eta hizkuntza eskaintza bezain zabala da plaza kopurua.

Pilota
Arraunketa


Pistan







Tenisa ez da

pilota-joko bakarra







Badirudi sekulako tenis zaletasuna dagoela Donostian, igeriketarekin eta piraguismoarekin batera tenis ikastaroak baitira jende gehien erakartzen dutenak. Zenbait txandatan hartuta daude jada plaza guztiak, baina tenisean aritzeko erabateko gogoa duenak aurkituko du txokorik ikastaroen berri ematen duen liburuxka hartu eta ikastaroak antolatzen dituzten klubetara deitzen badu.



Hala ere, tenisa ez da pistan praktika daitekeen pilota-joko bakarra. Hori bezain entretenigarriak dira, esaterako, padela edota badmingtona. Padelari dagokionez, eskaintza oso zabala da, hiriko bost klubek prestatu baitituzte euren egoitzetan adin guztietako kirolariei zuzendutako ikastaroak.



Tenisa
Padela
Badmingtona


















Gelan











Jende lasaiarentzat

oso egokiak





Atari zabaleko jardueretarako egokia da uda, baina areto itxikoak gogoko dituztenek ere badute aukera Uda 2003 kanpainaren barruan.



Atal honetan bil daitezkeen jarduera batzuk –esaterako, xakea eta mahai tenisa– asko ezagunak dira. Eskrima eta arku tiroa, ordea, esperientzia berriak izan daitezke askorentzat. Fortuna K.E.-k eta Gros Xake Taldeak antolatzen dituzten xake ikastaroetan 16 urtetik beherakoek har dezakete soilik parte, baina gainerako hiru kiroletan ez dago adin mugarik. Club Diarco eta Internacional de Intxaurrondok adin tarte guztietan dituzte arkua erabiltzen ikasteko ikastaroak, eta beste horrenbeste esan daiteke Fortunak Pio Barojan egiten dituen eskrima hastapen eta hobekuntza ikastaroei buruz eta hiru klubek (Atlético San Sebastian, Etxadi K.K.E. eta Bera Bera R.T.-k) prestatu dituzten mahai tenis ikastaroei dagokienez.



Arku tiroa
eskrima
xakea
mahai tenisa