|
|
Sara Santos
Jokoa bera da garrantzitsuena: ondo jokatzen ikastea, jokaldi politak egitea, taldekideekin zein beste taldeetako jokalariekin dibertitzea, ikusleak entretenitzea eta, batez ere, ondo pasatzea. Hortik aurrerakoak soberan egon behar du kirol zelaietan.
|
Han-hemenka hartutakoekin osatutako gomendio sorta
Guraso,
irakats txikitatik seme-alabei zelaian zein bizitzaren gainerako alorretan batzuen eta besteen arteko diferentziak finkatzen dituzten portaera egokiak, hitzekin zein zuen ekintzekin. Izan kontuan umeak ikasten ari direla. Txalotu aurrerapenak eta animatu zuen umeak nahiz besteenak, kirola gauza atsegina dela erakutsirik.
|
Jokalari,
saiatu beti gauzak ahalik eta ondoen egiten, baina izan kontuan kirola gozatzeko eta lagunekin dibertitzeko egiten dela. Norbait kirtenkerietan hasten bazaizu, erakuts iezaiozu modu onean zu bera baino askoz kirolari hobea zarela. Ez trebeagoa zarelako edota gol gehiago sartzen dituzulako, portaera hobea duzulako baizik.
|
Entrenatzaile,
ez ahaztu zure betekizun bakarra ez dela ume eta gaztetxoak kirolean trebatzea eta emaitza onak lortzea. Irakats iezaiezu euren artean, beste taldeko kirolariekin eta arbitroarekin adeitsu izaten, garbi jokatzen eta kirola egiterakoan ondo pasatzen. Hori lortzen ez baduzu, huts egin duzu zure lanean.
|
Ikusle,
ume eta gaztetxoen arteko kirol norgehiagokaren bat ikustera bazoaz, joan zaitez dibertitzera eta ondo pasatzera, haserrea eta modu txarrak etxean utzita. Animatu jokalariak, txalotu horien lorpenak eta gaitzetsi portaera zatarrak. Txukun jarduteko prest ez bazaude, gera zaitez, arren, etxean.
|
Guraso,
seguruenik umeek baino askoz gehiago jakingo duzu, baina ez zaitez egon etengabe beraien gainean zer eta nola egin behar duten esanez. Dibertitzeko eta ikasteko ari dira kirolean, ez egin presio handirik. Ez hasi irainka eta oihuka, animatzeko ez bada, eta ez izan eskuzabal zure umeen portaera itsusiekin.
|
Jokalari,
maltzurra, bortitza, edukazio txarrekoa eta harroputza bazara, gauza bat erakutsiko duzu soilik: oso ondo jokatzen baduzu ere, kirolari kaskarra zarela. Portaera horrek minutu bateko ospea emango dizu agian, baina ez zaitu urrutira eramango. Jar zaitez une batez iraintzen edo ‘egurtzen dituzunen lekuan. Zer diozu?
|
Entrenatzaile,
ez irakatsi umeei amarru, tranpa eta azpikeriarik, mesede kaskarra egingo diezu eta. Horrela jarduten baduzu, zuk ere gauza bakarra erakutsiko duzu: ez zarela kirolari onak prestatzeko gai, eta bortizkeriaren, manera txarren eta portaera kaskarren bidez estaltzen dituzula zure gabeziak eta zure taldearenak.
|
Ikusle,
ez zaitez joan ume eta gaztetxoen arteko kirol jardueretara bazterrak nahastera eta giroa berotzera. Jabetu zaitez jarduera horien izaera bereziaz, eta ez hasi irainka eta oihuka, ez gaiztotu giroa. Ez zaitez izan zelai gehienetan egon ohi den kirten hori. Asmo horrekin bazoaz gera zaitez, arren, etxean.
|
s.s.
|
Ikusle helduek eta gurasoek bereziki zaindu behar dute ume eta gaztetxoen arteko partiduetan azaltzen duten portaera.
Kirol guztietan daude kaikuak, baina arazoak futbola tartean dagoenean jotzen du batik bat goia.
Helduen portaera omen da okerrena; zorionez, neska-mutikoak zentzuzkoagoak omen dira
|
|