IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Euskara Ikasten »  Merkatari eta ostalarientzako ikastaroak

Merkatari eta ostalarientzako ikastaroak
Izen emateko orria
2008ko bigarren deialdian euskara ikastaroen eskaintza zabalagoa
merkataritzako eta ostalaritzako langileentzat


Oinarrizko ezagutzarako moduluen aukeraz gain, euskara dakitenek, hizkuntza maila eta idazteko gaitasuna hobetu ahal izango dute

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza areagotu egin du aurtengorako. Iaz lehendabiziko aldiz eskainitako oinarrizko ikastaro praktikoekin (modulo I) jarraitzeaz gain, patronatuak horren jarraipena (II.modulua) prestatu du aurreko urtean parte hartu zuten langileek hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak ematen jarrai dezaten.

Oinarrizko bi ikastaro praktiko hauen helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Euskara-ezagutzarik ez dutenei zuzenduak daudenez oinarrizko komunikazioa landuko da, merkataritzako nahiz ostalaritzako lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuz. Horretarako HABEK espresuki sortutako Dendaketan eta Ostalaritza ikasmateriala erabiliko da. Besteak beste, eduki hauek landuko dira: sektore hauetako oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak…

Aukera berria euskara dakitenentzat

Bestalde, Euskararen Udal Patronatuak bi ikastaro berri prestatu ditu aurten euskara dakitenentzat. Bi ikastaro horiek hizkuntza-ezagutza zabaltzea eta batik bat, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetzea dute helburu. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…

Izena emateko epea zabalik da dagoeneko eta interesatuek abuztuaren 21 baino lehen eman beharko dute izena Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net web guneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea

Diruz lagundutako ikastaroak

Ikastaroak irailean hasiko dira, hainbat euskaltegitan eskainiko dira eta hiruzpalau hilabete iraungo dute. Oinarrizko bi ikastaroak 60 ordukoak dira eta bakoitzarengatik 50 € ordaindu behar da. Idazteko gaitasuna hobetzeko ikastaroak berriz, 25 ordukoak dira eta 30 € balio dute. HABEk diruz lagundutako ikastaroak izateaz gain, Euskararen Udal Patronatuak ikastaro hauen kostuaren ia %60a hartuko du bere gain. Horrekin batera, bertan erabiliko den materiala ere doan lortzeko aukera izango dute partehartzaileek asistentziaren %85 gaindituz gero.

Merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko bidean sakonduz

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko zenbait ekimen jarri ditu abian azken hilabeteetan. Hauen artean, aipatu ikastaroak antolatu zituen iaz lehendabiziko aldiz: 65 pertsonek eman zuten izena lau taldetan.

Ikastaroen beharra eta harrera ona ikusita, patronatuak iazko eskaintza areagotzea erabaki du: oinarrizko ikastaroari segida emango dion II. modulua prestatzeaz gain, euskara dakitenentzat ere ikastaroak antolatu dira beraien hizkuntza-maila sakontzeko eta hobetzeko. Programatutako modulu guztiak merkataritzako eta ostalaritzako langileen beharrei eta izan ditzaketen komunikazio-helburuei erantzun nahian diseinatuak izan dira.

Merkataritzak eta ostalaritzak hiriko ekonomi jardueran eta gizarte bizitzan ezezik euskararen normalizazioaren bidean ere eragin eta garrantzi handia dute. Hori dela eta, Euskararen Udal Patronatuak sektore honetako langileen euskararen ezagutzan eta erabileran eragiteko bideak jorratzearekin batera, sektorean oro har euskararen erabilera areagotzeko lanean ari da (www.merkatari.net wegunea zabaldu du merkatari eta ostalariei zerbitzu hobea eskaintzeko; establezimenduetako kanpo errotularioa euskaraz edo elebietan jartzeko diru laguntzak ematen ditu; testu laburren itzulpena, zuzenketa edota zalantzak argitzeko zerbitzua eskaintzen du…)

Modulu hauen eskaintza prestatzeko diseinuan ondoko euskaltegiek parte hartu dute: Ilazki, Donostiako AEK, Legazpi 6, Urrats, Gernika 21

Izen emateko orria

Informazio osagarria

Ohiko euskara ikastaroentzako laguntza