euskaraz.net
Donostia auzoka Intxaurrondo

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 59 2002/12 »  Donostia auzoka Intxaurrondo










Donostia Auzoka 1

***



Intxaurrondoko kale hezitzaileekin solasean

Intxaurrondon kale hezitzaileak ditugu. Aspalditik daude gure auzoan baina beraien lana oso ondo ezagutzen ez genuenez, elkarrizketa egin diegu. Hona hemen elkarrizketa honen bidez ikasitakoa.



Zein da zuen lana?

Gizarte Zerbitzuetatik hezkuntzarako egiten diren esku hartzeak indartu nahi ditugu, eta gazteen gizarteratze lana ere bultzatzen dugu. Zehazki zera egiten dugu: dagoeneko erabiltzen diren baliabideak egokitu, gazteekin harremanetan egon, beraientzako ekintzak prestatu eta antolatu, gizarte eta aisialdiko boluntarioak sustatu, hezkuntza, kultura eta kirolarekin loturiko ekintzak antolatu... Hau da, txapelketak, jolasak, tailerrak, irteerak eta abar.

Kobratzen al duzue?

Gure lana egiteagatik soldata bat dugu hilero. Ez da ahaztu behar hezitzaile espezializatuak garela eta gure prestakuntza frogatuta dagoela. Horrez gain, boluntario gisa egoten gara Intxaurrondon antolatzen diren hainbat ekintzatan.

Nork ordaintzen dizue?

Programa hau Donostiako Udalaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzatik bultzatu da eta, gizarte laguntzaileekin batera, Intxaurrondoko Gizarte Zerbitzuen Gunean kokatzen gara. Bide beretik lortzen dugu ekintzak antolatzeko eta materiala erosteko dirua.

Zeintzuk eta zenbat zarete?

Intxaurrondon bi kale hezitzaile gara, Fermin eta Bea.



Edozein pertsonarekin lan egiten al duzue?

Adin txikiko gazteei zuzendutako programa da, batez ere 11-17 urte bitarteko gazteei. Hala ere, beste adin batzuetako pertsonekin ere harremanetan jartzen gara gure lanean: auzo elkartetako jendearekin, familiekin, hezkuntza zentroekin, kirol elkarteekin, osasun etxeekin...

Antzeko beste talde batzuekin elkartzen al zarete gauzak antolatzeko?

Bai, batez ere aisialdi taldeekin eta auzo elkarteekin aritzen gara. Hainbat festetan (gabonetan...) eta urte osoan ere ekintzak antolatzen ditugu elkarrekin. Ikastetxeekin ere lan egiten dugu.