 |
|
 |
 |
|
Elkarrizketa
“Egiako kontuak nonbait biltzea nuen helburu”
Zenbaterainoko interesa sortu du liburuak?
Aurkezpen egunean jende asko etorri zen. Kalean ere jende asko etortzen zait liburuaz galdezka, eta batzuek Egiari buruzko informazio gehiago ematen didate. Horrek ilusioz betetzen nau. Asko harritu nau jada Egian 400 liburu saldu izanak. Azkenik, asko poztu nau zuek niri hemen, ikastolan, elkarrizketa egiteak.
Erraz lortu al dituzu tokietako eta pertsonaien argazkiak eta dokumentuak?
Bai, nahiko erraz. Hasieran etxean begiratu nuen, eta Egiari buruzko gauzak atera nituen, etxean gordeta nituen eta. Horrela atera ditut argazki eta dokumentu pila. Auzokide zaharrenengana joan nintzen ondoren, beraiek zituzten argazkiak eskatzera. Pertsona batzuek ez zizkidaten eman, baina beste batzuek, bai. Eman zizkidaten argazkiak eskaneatu egin nituen. Dokumentu gehienak etxean lortu nituen, baina baita udaletxean eta egunkarietan ere. Lana izan da, bai, baina laguntza handia izan dut.
Lehen Egian 70 baserri zeuden; egun bakarra dago
Nola bururatu zitzaizun liburu hau idaztea?
Auzoko Zai-Zoi Koordinakundetik deitu nindutenean hasi zen istorio hau. Lana Egiako argazki artxibo bat egitea zen. Orduan, argazkiak biltzeari ekin nion. Ahal nituenak eskuratu ondoren, konturatu nintzen argazkiek azalpen bat zutela eta konturatu gabe, material asko bildu nuen. Horrela liburuxka lodia osatu nuen. Gehienbat Egiako kontuak nonbait bilduta gelditzea zen nire helburua.
Pertsona ospetsuen artean, noren informazioa lortzea kosta zaizu gehien? Eta gutxien?
Agian, errazena Arantxa Urretabizkaiarena izan zen. Informazioa internetetik eta Auñamendi entziklopediatik atera nuen. Agian, zailena Jose Maria San Sebastian Latxagarena izan zen. Kasu honetan, hitzaldi batetik atera nuen informazioa. Berak baserriari buruz kontatzen zituen istorioak oso bitxiak eta interesgarriak ziren.
Teila fabrika, tabako fabrika... harritu egin gaitu garai batean Egian hainbeste fabrika garrantzitsu egon izanak. Zergatik ote?
Garai hartan, gaur egun bezala, fabrikak hirietako kanpoaldean jarri ohi ziren, gehienbat hiritarrei kalte ez egiteko. Donostia oso txikia zen garai hartan, oso jende gutxi zegoen eta etxeak txikiak ziren. Donostia zabaltzen ari zenez, fabrikak hemen jarri zituzten. Egian, momentu hartan, lantegi pila zeuden eta oso interesgarria izan zen, adibidez, marmol lantegia hilerri ondoan jarri izana. Izan ere, hilerriari begira lan egiten zuen.
Aitor ikastolako historia egiteko, zein pauso eman dituzu?
Lehenik, pentsatu behar dugu Egian ikastola bat egitea oso garrantzitsua izan zela auzotarrentzat. Hasieran, Haur Hezkuntza besterik ez zegoen, eta gero auzoan bertan horri jarraipena ematen saiatu ginen egiatar asko. Une haietako buruhausteak bildu ditut libururan. Liburua ikastolaren 25. urteurrena zela eta egin zela kontuan izan dut.
Garai batean Egian, haurrek errepidean jolasten zuten
Liburuko zein atalarekin gelditu zara gustuen?
Egiatarren pasadizoekin, hau da, beraiek kontatatutako gauza interesgarriekin. Zuei begira, interesgarria da aspaldiko jolasen atala: txapatan, pilotan kalean...
Hemendik aurrera liburuak idazteko zaletasunarekin jarraitzea pentsatzen al duzu?
Ez, oraingoz ez, beste ideia batzuk dauzkat buruan. Aurrerago ikusiko dut. Dena den, interesgarria izango litzateke liburu honek etorkizunean jarraipena izatea.
Zein aldaketa daude lehengo Egia eta oraingo Egiaren artean?
Duela 150 urtekoarekin konparatuta, aldaketa dezente ikus daitezke, noski. Garai hartan 70 baserri zeuden auzoan eta orain, oker ez banago, baserri bakarra dago. Bestalde, lehen ez zegoen ia auzorik eta denek elkar ezagutzen zuten; horregatik, etxeetako ateetan soka bat zegoen, nahi zuena etxera sar zedin. Haurrek errepideetan jolasten zuten, ez baitzebilen gure kaleetan ia autorik; tarteka autoren bat azaltzen bazen, haurrak ertzera joaten ziren, eta autorik ez zebilela ikusten zutenean, berriro jolasean jarraitzen zuten errepidean bertan.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |