|
Donostia auzoka
Amarako anbulatorioko lanak hastear
Udalak izapide guztiak egin ditu Errondo pasealekuan anbulatorioa egiteko. Osakidetzaren arabera, eraikitze lanak aurtengo lehen lau hilabetekoan hasiko dira. Anbulatorio berriak Amara Berriko osasun etxean egun ez dauden zenbait zerbitzu izango ditu.
Amara Berrin anbulatorioa eraikitzeko proiektua ez da atzo goizekoa. Egitasmoa duela zenbait urte mahaigaineratu zen, J.M. Salaberria kaleko osasun etxeko azpiegitura motz geratzen ari zela ikusita. Garai hartan, Amara Berriko osasun etxean, 36.699 helduei eta 4.240 haurrei eskaini ohi zitzaien harrera. Osasun etxeak Amara Berri, Amara Zaharra, Aldapetako Gaina, Morlans, Errondo, Mirakontxa eta Erdialdeko bezeroak zituen. Egoitzak 500 metro karratu besterik ez ditu eta ondorioz, arazoak hamaika ziren: jende pilaketa, sendagile eta erizain falta... Zerbitzuaren eskasiari behin-behingoz aurre egiteko asmoz, beste gune bat zabaldu zen Prim kalean. Orain, arazoei behin betiko irtenbidea emateko, anbulatorioa eraikiko da Amara Berrin.
Donostiako Udalak Peñaflorida institutu ondoko 3.230 metro karratuko lursaila Osakidetzaren esku uztea erabaki du, bertan Amarako anbulatorioa egin dezan. Proiektuak Udalak ezarritako baldintza garrantzitsu bat ere jasotzen du: eraikuntza berriak institutuko jolas guneak txikiagoak ez bihurtzea, alegia. Gabriel Inclan Osasun sailburuak jakinarazi duenez, anbulatorioko lanak 2003ko lehen lau hilabetekoan hasiko dira.
Medikuntza espezialitate gehienak
Amarako anbulatorioak Grosekoaren antzeko medikuntza espezialitateak eskainiko ditu: ginekologia, pediatria, barne medikuntza... Horrez gain, puntako teknologia erabiliko da bertan. Hori guztia dela eta, Lourdes Ubetagoiena Osakidetzako Gipuzkoako ordezkaritzako prentsa buruak Amara Berriko auzotarren kezkak laster amaituko direla uste du: “Anbulatorioarekin Amara Berriko masifikazio arazoa amaituko da. Dena dela, zerbitzu berriak on egingo die donostiar guztiei, Amara Berrikoa Donostiako bigarren anbulatorioa izango baita, horrek esan nahi duen guztiarekin”. Egia izango al da? Hala espero dugu guk.
Olatz Tapia eta Maialen Reparaz
“Egungo egoitzan leku gutxi dugu”
Amarako anbulatorioan lan egiten duen Ana Aranegiri medikuarekin hitz egin dugu, proiektuaz zein iritzi duen jakiteko.
Noiztik zaudete egoitza honetan?
1974tik eta ni 1998an etorri nintzen.
Zein arazo nagusi duzue gaur egun?
Leku gutxi dagoela eta baita langile gutxi ere.
Anbulatorio berriak, zure ustez, zein hobekuntza ekarriko du?
Leku gehiago egongo da, lana hobeto egin ahal izateko.
Zer eskatuko zenieke Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailekoei?
Langile gehiago jartzea eta anbulatorio berria lehenbailehen egitea.
|
|
|