2002ko Euskadi Saria irabazi berri du lan bikain honek. Joanak, hamasei urterekin, itsaslabarrean igarotako gorabeherak kontatzen ditu bertan. Hasiera lasaia da, eta astun samarra iruditu arren, aurrera egin ahala, benetako korapiloa dator, azken orrira arte suspensea mantenduz.
Joanak gertatutako guztia koaderno morean idazten du, hau baita bere sentimenduen gordeleku. Egun batean maitasunaren ateak irekiko zaizkio, zorionaren ateak, Alain ezagutuko baitu. Hala ere, jakin-minaren harrak bultzatuta, antzinako gertaera bat arakatzeari ekingo diote eta honen ondorio latzak jasan beharko dituzte, heriotza barne.
Liburu berezi eta gomendagarria dela uste dut.
Ane Urbieta Anza
|
Obra guztiz interesgarria eta aberatsa. Gizon euskaldun batek bere bihotzeko Euskal Herria, emaztea eta seme kuttuna utziko ditu, alderdiak agindutako betebeharrari aurre egiteko. Horretarako, Errusiara joan beharra du. 1936. urtean girotuta, Espainiako Gerrak ekarritako ekintza mingarriak, gordinak, krudelak agertzen dira liburuan.
Gizonaren betebeharra zehazki, gure herriko zenbait umeren egoerari buruzko xehetasunen berri jasotzea da. Umeok Errusiara bidaliak izan baitziren gerra zela eta. Errusiara, ordea, ez da iritsiko eta Finlandian geratu beharko du. Bertakoen adiskidetasuna bereganatu eta familia berria eraikiko du oharkabean. Pixkanaka-pixkanaka Kepak Euskal Herrian dituen sustraiak eteten hasiko dira eta bi maitale izango ditu: Euskal Herria eta Finlandia.
Honela bada, Keparen bizitzak iraganeko aroa itxi eta beste epe aroari hasiera emango dio. Egoera hau eragin duen betebeharra etorkizunean ere misterio izaten jarraituko du.
Uxua Larretxea
|
Ireneren, hogeita hamalau urteko E.T.A. erakundeko militantearen, bizitzako garai zaila kontatzen da liburuan. Lau urtez Bartzelonako kartzelan egon ondoren, damutze eskutitza sinatu du eta espetxetik atera da.
Oso egoera txarrean dago, poliziek txantajea egin nahi diote eta era berean badaki traidoretzat hartuko dutela etxera itzultzean, eta besteen irain eta errukia jasan beharko dituela. Beldurra eta bakardadea Irenez jabetu dira, baina, hala ere, aurrera jotzea erabaki du.
Liburu polit honetan sentimenduak oso ongi azaltzen dira, istorioa oso era errealean kontatzen da eta horrek irakurterraz bihurtzen du liburua. Bertan ageri diren ideiak eta baloreak eguneroko bizitzarekin oso lotuta daude. Irenek hartzen dituen jarrerak oso ausartak dira eta nahiz eta gaizki sentitu, ez du etsitzen eta oso pertsona kementsua dela erakusten du. Erabiltzen den hizkuntza ez da zaila eta kontaketa ez da astuna.
Nahia Alkorta
|