|
Donostia auzoka
***
Bidebietako jolas-parkea
Bidebietako parkeak bi urmael ditu
|
Donostia ekialdean, Mendiolaren magalean dago Bidebieta. Bertan jende asko bizi da, gehienak etxe-orratz handietan. Ia denetarik dago auzoan, baina duela gutxi arte jolas-parke eder bat falta zen.
|
Udalak jaramon egin du oraingoan, eta bat eraiki berri du.
Frantses eredukoa da Bidebietako parkea. Txikitxoek zein handiagoek jolas dezakete bertan. Txikienentzat betiko jolasak daude: zabuak, txirristak, tunelak, etxeak... Asko, gainera, txalupa edo hegazkin itxurakoak dira. Handiagoentzat, berriz, eskalatzeko pareta harri koskorrez betea, txirrista mugikorra, txingoa lurrean irudikatua eta twisterra.
Eta arratsalde pasa dabilenarentzat badira bi urmael eta, haien artean, bidexka erosoak. Nekatuz gero edo irakurri nahi izanez gero, non-nahi daude eserlekuak. Labanda eta erramu usain goxoa dago, gainera.
|
Haurtzaindegia San Luisen
San Luisek 90 urte bete ditu eta 25 urte dira egoitza Mendiolan dagoela. Gurasoek eraikitako eskola da, baina hezkuntza La Salletar anaien esku egon da betidanik.
Aurten, haurtzaindegia zabaldu dute; berri-berria da eta datozen haurrentzat erosotasunez eta mimoz jantzia.
Obrak udaran egin dituzte eta batzuk oporrik egin gabe aritu dira.
|
Dena dela, ilusioz beterik lan egin dute, eta ondorioa ona izan da.
Zerbitzu osoa eskaintzen du haurtzaindegiak, hasi goizeko 07:30etik eta arratsaldeko 18:30ak arte.
Tarteka-marteka, irtenaldiak egiten dituzte mendi aldeko Txiki-Parkera. Oraindik gehienak txikitxoak dira, baina primeran pasatzen dute handiagoen barre eta solasekin.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|