euskaraz.net
Han eta hemen 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 65 2003/12 »  Han eta hemen 2



Han eta hemen
***

Opil goxua

Dakizuenez, Donostia ez da lehen bezalakoa. Baina askok ez dute jakingo hiria ezezik, jendea ere aldatu dela. Batez ere, usadio ugari galdu da. Hona hemen, bada, “Opil goxua” izeneko istorio xelebrea.

Garai batean, mutikoak kaira joaten ziren bainatzera. Arropa kendu eta uretara sartzen ziren. Udatiarrak pasatzerakoan, “caballero, perrita al agua” ohiukatzen zieten. Eta haiek txanponak botatzen zizkieten.

Mutikoek ur azpiko txanponak ahoarekin hartu behar zituzten. Hotzez zirenean, uretatik atera eta irabaziak zenbatzen zituzten. Baina, arropa hartzera joaterakoan, beraien “opil goxua” aurkitzen zuten: uretan zeuden bitartean, beste umeek, inbidiaz, arropak korapilatu eta lokatz putzuetan “oratzen” zizkieten.

M.Aramburu eta M.Cascajo


Gaztainak erre artean







Azken urteotan Donostiak aldaketa ugari izan du: Kursaala, bidegorria, etxeak eta abar eraiki dute. Beste gauza askok, ordea, beti bezala jarraitzen dute: gaztaina saltzaileek, adibidez.

Emakume hauek negu osoa pasatzen dute jendeari gaztain beroak eskaintzen. Izan ere, opari eta kaleetako argiekin batera, gabon giroaren seinale bihurtu dira, beltzez jantzitako andre hauek beti egon baitira egun hotzetan berotasuna banatzeko prest.

Horietako bat ezagutzen dugu. Kamino kalean ditu etxola eta danbolina, eta Isabel Delgado du izena. Bertan saltzaile gisa 15 urte daramatza eta txikitatik jan ditugu bere gaztainak. Andre zoragarria da. Berak dioenez, neguko arratsaldeetan hotzez dago, baina kalean doazen haurren begiak nola irekitzen diren, beraien amonak gaztainak erosterakoan, ikusten duenean oso gustura geratzen da.

M.Lecuona eta P. Cortés

Mexiko liluragarria





Maya kultura Yukatan penintsulan hasi zen. Bertan makina bat arte adierazpide daude, piramide mailakatuak, esaterako. Errito sakratuak eta gizonen sakrifizioak egiteko erabiltzen ziren piramideak.

Egun, turismorako erabiltzen dira, eta tradizioa da piramideen gailurretara igotzea. Tradizioa kondaira batekin lotuta dago. Sac jainkoak maya baten maitea ezkutatu zuen Yukatango piramidean. Mayak, bere maitearen bila zebilea, atso bat ikusi zuen. Honek ile-xerlo bat eman zion, horrekin bidaia motzagoa izango zela esanez. Bat batean, mendi artean, bide bat sortu zen. Hortik abiatu eta Yukatango piramidea ikusi zuenean, igotzen hasi zen. Eskailera erdian, arrano batek luma bat eman zion. Piramide gailurreraino iritsi zenean, ate bat ikusi zuen; lumarekin ireki eta maitea aurkitu zuen. Kondaira hau dela eta, honakoa diote bertakoek: bertara joan ete piramidea igotzen ez baduzu, bizitza latza izango duzu; igotzen baduzu, zoriontsu izango zara.

L.Salvador eta P.Campos




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****