Zergatik hasi zinen txalaparta jotzen?
8 urte nituela, herriko festetan, baserritar batzuek bi lepo-otar eta ohol bat ekarri zituzten eta sekulako zirrara sortarazi zidan hori entzuteak. 13-14 urte nituela, dokumental bat ikustera joan nintzen eta dokumental hori txalapartarekin hasi zen. Beranduago, anaia eta biok txalapartariengana joan ginen ikasi nahi genuela esanez, eta 23 urterekin txalaparta jotzen hasi ginen.
Zaila al da jotzea?
Gauza bat da ondo jotzea; asko kostatzen da. Maitasun handia jarri behar da jotzeko garaian. Bikoteka jotzea, batek “ttakuna” eta besteak bi joaldiren tartean jotzea, ez da asko kostatzen. Gero hori garatu egin behar da.
Ordu asko sartu al zenituen ondo jotzen ikasteko?
Hasieran ordu asko sartu nituen. Anaiak, gero, lan gehiago egin zuen txalapartarekin; ni olerkiak idazten hasi nintzen.
Nola ikusten duzu txalapartaren etorkizuna?
Txalapartaren etorkizuna gure gain dago. Bi bikote zeuden gu hasi ginenean. Gaur egun, Euskal Herri osoan, 200 bikote daude. Jendeak txalaparta tresna besterik ez dela pentsatzen du, baina txalaparta erritmoa da.
|
Eta Ez Dok Hamairu taldea, nola sortu zen?
Garai hartan euskal kultura zokoratuta, isilduta... zegoen. Abestiak egiten hasi ginen eta kantu zaharrak berreskuratzen. Garai hartako arazoez eta askatasun faltaz hitz egiten genuen, protesta kantuak ziren. Euskal kultura berpiztu nahian, kantariak eta olerkariak elkartu egin ginen.
Zergatik jarri zenioten izen hori?
Ipuin zahar baten izena da: San Martinen eta deabruaren arteko tratua. San Martinek deabruari zeukan tresna bakarra eskatu zion lanerako. Deabruak tresna utzi zion, baina baldintza batekin: lan hori amaitutakoan, arima eman beharko ziola. Lana bukatu ondoren, San Martin ez zegoen ados egindako tratuarekin. Orduan deabruak esan zion: “Galderak egingo dizkizut eta gaizki erantzuten baduzu, nirekin etorriko zara”. San Martinek ondo erantzun zituen hamabi galderak. Hamahirura ailegatu zenean, esan zuen: “Ez dok hamahiru”
Olerkiak idazteko, klaseak jaso al zenituen?
Ez. Pertsona guztiak, baterako edo besterako, gai garela pentsatzen dut. Batzuei koloreak gustatzen zaizkie, doinuak besteei eta besteei dantza… Baina lan ugari egin behar da gauza bat lortzeko.
Zertan edo zertaz inspiratzen zara?
Pertsona baten begiradan, zuhaitz batean, txori eder bat ikusitakoan, irakurritako paragrafo batean edo izandako pentsamendu batean... Zerbait esnatzen da barruan eta gero forma eman behar diozu. Hori sakon-sakonetik ateratzen da.
Egindako olerkietatik zein duzu gustukoena?
“Txoriak-txori”… Asko ditut gustuko.
|