|
Ikasleak idazle
***
Elurtea
|
Orain kontatuko dizuedan istorioa Errusia iparraldeko herri txiki batean gertatu zen.
Egun hotzak ziren neguko haiek, normalean zero azpitik hogei edo hogeita hamar gradukoa zen tenperatura, baina urte hartan zero azpitik berrogeita hamar edo hirurogei gradu zeuden. Herriaren izena Ljanduv zen eta hamar familia inguru bizi ziren. Herritik oso gertu urmael bat zegoen eta hotz harekin izozturik zegoen. Herrian ez zegoen dendarik eta herririk hurbilena 350 km-ra zegoen, beraz, elikagaiak beraiek sortzen zituzten. Errusiako alde hori oso lehorra zen eta tundraren erdian zegoenez, ez zuen elurrik egiten.
Egun batean, ordea, hodei beltz handiak iritsi ziren eta elurra hasi zuen. Hasieran ez ziren larritu, baina laugarren egunetik aurrera palak hartu eta metro erdiko elur pilak kentzen hasi ziren. Elurra egiten jarraituz gero, gosez hilko ziren, baratzak, fruitu arbolak... elurpean geratuko zirelako. Bi astez elurra mara-mara egin ondoren, ez zuela gelditzeko asmorik ohartu ziren eta etsita zeudenez, elurra kentzeari utzi zioten. Janari guztia hondatu zitzaien, baina abereak gelditzen zitzaizkien. Abere ugari zituzten eta denak herriko eraikuntzarik zaharrenean zeuden. Herritar gehienak aitona-amonak ziren, hogei eta hogeita hamar urte bitarteko lau pertsona izan ezik. Gainera, herrian ibilgailu bakarra zuten, traktore bat, eta gazteek esaten zuten onena zela laguntza bila traktorez joatea. Zaharrak ez zeuden ados. Hiru metroko elurrak ukuilua puskatu zuen eta animalia guztiak bertan hil ziren. Beraz, lau gazteek traktorea hartu zuten eta 350 km-ra zegoen Mosku hirira abiatu ziren. Bost egunetan iritsi egin ziren, eta asko poztu ziren. Baina beraiek ez zekiten ordurako herriko hogeita hamalau pertsonetatik hamaika hilda zeudela. Moskun, lau gazteak Putin presidentearengana joan ziren, laguntza bila. Baina arazo handi bat zeukaten: herritar haiek lamnomi izeneko hizkuntza hitz egiten zuten eta ez zekiten errusieraz. Lamnomi oso hizkuntza zaharra zenez, pertsona gutxik ezagutzen zuten eta helikoptero bat bidali zuten Alemaniako Berlin hirira, bertako zientzilari baten bila, berak bazekielako lamnomieraz hitz egiten. Zientzialariak itzultzaile lana egin zuen eta Putinek arazoa ulertu eta helikopteroa bidali zuen Ljanduv herrira.
Iritsi zirenerako hamabi herritar besterik ez zeuden bizirik eta hiru etxe erorita zeuden. Gelditzen zirenak hipotermiak jota zeuden eta gose handia zeukaten. Hain jende gutxi gelditu zenez, Moskura joan ziren bizitzera eta herria hutsik gelditu zen. Moskun bizimodu hobea eduki zuten, baina askotan pentsatzen zuten beraien sorterriaz eta hildako bizilagunetaz.
|
Mattin Grao Txapartegi
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|