euskaraz.net
Abizenen grafia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Abizenen grafia



Donostia auzoka

***

Abizenen grafia aldatzeko modua

Axular Lizeoko Kultur Taldeak hainbat ekintza egiten ditu, eta aurten euskal abizenen grafia aldatzeko eman beharreko pausoei buruzko informazioa zabaldu du. Agiri ofizialetan euskal abizenaren grafia gaztelaniazkoa bada, hona hemen grafia aldatzeko eman beharreko urratsak.



Asko dira euskal abizena izan, baina erdal grafia duten pertsonak; esaterako, agirietan Aguirre azaltzea Agirre azaldu beharrean, edo Goicoechea Goikoetxearen ordez, eta abar. Grafia aldatu ahal izateko, eta aldaketak zailtasunik izan ez zezan, Euskaltzaindiak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Deituren Izendegia izeneko liburua argitaratu zuten. Beraz, hauek izango lirateke jarraitu beharreko urratsak:





Aldatu nahi den abizena Euskal Deituren Izendegia liburuan ageri bada, aski da jaio zaren tokiko Erregistro Zibilean hitzez hitzeko jaiotze-agiria eskatzea.

Hitzez hitzeko jaiotze-agiriarekin bizi zaren tokiko Erregistro Zibilera joan behar duzu, nortasun agiriaren fotokopia bat eraman, badaezpada, eta ezkondutakoen kasuan, familia liburua.

Bertan, inprimaki bat bete behar da, zein abizen diren eta nolako grafiarekin nahi dituzun adieraziz.

Kasu batzuetan berehala egiten dute, beste batzuetan bi egunen buruan itzuli behar da; sinadura bota eta espedientea emango dizute.
Ematen dizuten espedientearekin, gainontzeko dokumentazio guztia alda dezakezu: Nortasun Agiria, Osaki- detzako txartela...

Donostian biziz gero, Atotxako eraikin berrian, Erregistro Zibilean, egin behar da tramitazioa.

Eskaera-egilea ezkonduta badago, ezkontideak ere joan behar du, eta seme- alabenak aldatzeko ere bai.

18 urtetik beherakoen kasuan, gurasoek espedientea bideratzen badute, automatikoki aldatu egiten zaie abizena. Bestela, adin txikikoen inprimakia bete eta gurasoek sinatu behar dute.



18 urtetik gorakoen kasuan, gurasoek espedientea bideratzen badute, erresoluzioaren bila doazenean, gurasoak beraiekin batera agertzearekin nahikoa da. Egun horretan esan behar dute beraiek ere abizena aldatu nahi dutela.

Garrantzitsua da jakitea aldaketa honek ez duela inolako eraginik herentzia edo bestelako gaietan, pertsona batzuk horren beldur dira-eta. Bide batez esan daiteke deituren ordena ere alda daitekeela eta hori betidanik egin ahal izan dela deitura batzuk ez galtzeko.








Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****