euskaraz.net
Donostia auzoka 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Donostia auzoka 2



Donostia auzoka

**

Donostian bertan elurretan jolasean



Urte mordoxka zen Donostian bertan elurrik ikusten ez genuela eta hara non aurtengo otsailak ekarri digun mantu zuri preziatua.

Egia esan, ez zen sorpresa izan, iragarrita baitzegoen aurreko egunetatik, baina ikusi arte ez genuen sinetsi. Aste bukaeran eta, batez ere, astelehen goizean jaiki eta dena zuri-zuri ikusi… benetan egun magikoa zirudien. Egunero ikusten ohituta gauden paisaia erabat aldatuta zegoen.


Horrelako egun batean egin daitekeen gauzarik onena egin genuen. Gure ikastetxea mendian dagoenez, gurasoek, goizez behintzat, ez joateko baimena eman zigutenez, lagun talde bat osatu eta lera eta plastikoak hartu eta aldameneko aldapetara joan ginen. Primeran pasatu genuen. Egia esan, blai eginda bukatu genuen, ederki nekatuta eta hotzez; baina gustuko tokian aldaparik ez omen dago eta goiz osoan han gozatu genuen, ia-ia elur guztia urtu arte.


Agur Redonchel parkeari



‘Redonchel’ izenez ezagutu dugun parkea kentzea eta plaza bat egitea pentsatu dute. Plaza honek, besteak beste, etxe batzuen desagerpena eragin du eta, haien ordez, parke bat egingo dutela esan dute.

Plaza egiten ari dira, baina jada ikus daiteke nola geratuko den, gutxi gorabehera. Plaza hau, ia guztiz, belarrez osaturik egongo da eta hori, batez ere, txakurrei gustatuko zaie, bertan haien zereginak uzteko aukera ona izango dutelako. Leku honi, dagoeneko, “txakurren kaka-leku” esaten diote. Jende asko ez dator bat ‘kakaleku’-arekin: “horren ordez, hobe da haurrentzat beste jolas leku bat egitea”.
Etxe batzuk ere bota dituzte leku honetan: argazki denda, ile-apaindegia eta abar. Haien tokian, eskailera batzuk jarri dituzte, eta kaleko zurrumurruen arabera, parke txiki bat egingo dute, baina hori ez dago oso argi.

Plazaren inguruan, gauza bat hobetu dute: bidea eta errepidea. Hori oso ona da, zeren hemengo kalea oso gaizki zegoen-eta. Farolak ere aldatu dituzte eta eserleku berriak jarri dituzte haien ondoan.

Baina galdera bat airean dago oraindik jendearen pentsamenduan: noiz egingo dute umeentzako parke berri bat?

Lore eta Lide


Inauteriak Trintxerpen

Donostiar guztiok dakizuenez, Trintxerpen inauteriak Donostian baino astebete beranduago egiten dira. Sekulako giroa izaten da gauez eta egunez; ikusgarria da konpartsek nola betetzen duten kalea.

Baina aurten ezustean harrapatu gaitu eguraldiak —txingorra eta elurra—, eta bertan behera geratu ziren. Hori dela eta, astebete beranduago izan ziren inauteriak.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****