euskaraz.net
Paintballa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Paintballa



Kirolak

***

Paintball-a Ameriketako Estatu Batuetatik Jaizkibelera

Munduan hedatzen ari da paintball kirola, eta Lezora ere iritsi da. Lehiakideek batak besteari pinturazko bolak botatzean datza. Paintball-ean, bai gazteek bai helduek, parte hartzeko aukera dugu orain.


1981ean jokatu zen Ameriketako Estatu Batuetan paintball-eko lehen saioa eta kirol honen jatorria abereak bata bestetik ezberdintzeko erabilitako tekniketan bilatu behar da. Ondoren, Australian ez ezik, Europan ere hedatzen hasi zen. Gaur egun kirol hau zabaltzen ari da eta txapelketak, liga nazionalak eta nazioartekoak ere jokatzen dira.



Donostiatik gertu, Jaizkibel mendian, ireki berri dute paintball-a praktikatzeko 25.000 metro karratuko eremua. Oraindik jende askok ez du leku honen berri, baina hurbildu direnek, esperientzia oso ona izan dela diote.

Taldeka jokatzen da eta parte hartzaileak gutxienez 8-10 behar dute izan. Hala ere, 20 lagunen arteko lehiaketak dibertigarriagoak izaten omen dira . Adin guztietako jendeak joka dezake, baina 14 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan behar dute. Jokoaren ezaugarriak.

Parte hartzaileek bi talde egiten dituzte eta partaide bakoitzari, aurpegiko mozorroa eta jantzia ematen dizkiete babes gisa. 100 margo bolako pistola ere jasotzen dute. Hiru joko mota daude, eta hiruretan ‘ehizatuak eta ehiztariak’ daude:

Ezkongaiei agurra emateko ospakizunetakoa. Untxi mozorroa jantzita, ezkongaia mendian gora doa, eta bertan ezkutatu behar du. Besteek pintura tiroak bota behar dizkiote, ihes egin ez dezan.

Beste joko baten izena, bandera da.
Basoaren erdian bi bandera jartzen dira eta talde bakoitza banderekiko distantzia berera jartzen da. Norberak, beste taldearen bandera lortzen ahalegina egin beharko du. Hau lortuz gero, irteera puntura itzuli behar dira taldeak eta garaile izango dira.

Azken joko mota herrixkari eraso izenekoa da. Izenak berak dioen bezala xedea herrixka menperatzea izango da.

Jokoen iraupena 2 ordu ingurukoa da. Zorionez, ez da oso garestia; parte hartzaile bakoitzak 21 euro ordaindu behar ditu. Prezioaren barruan materialaren alokairua sartzen da. Ikasle direnentzat prezio bereziak daude, astelehenetik osteguna arte, jai egunetan izan ezik. Halaber, badaude estra batzuk: 100 bolako kargadorea izateko beste 6 euro ordaindu behar dira.

Paintball-ak gauza askotarako balio du. Esaterako, lan taldea bultzatzeko, estresa gainditzeko, taldearen harreman arazoak konpontzeko, baina batik bat, une atsegina igarotzeko balio du.



Erreserbak egin nahi izanez gero, e-mail baten bidez egin daiteke edo 661923592 telefono zenbakira deituz. Erreserba gutxienez astebete lehenago egitea komeni da.

Bukatzeko, kirol berri eta hunkigarri honetan parte hartzera animatzen zaituztegu, guk ere parte hartzeko asmoa daukagu-eta.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****