euskaraz.net
Sega apustua

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Sega apustua



Gizartea

***

Sega apustua



Euskal Herriko hainbat baserritarrek, baserriko abereak mantentzeko, ia-ia egunero belarra mozten dute. Moztu bezain pronto, baserritarrek belarra bildu behar dute: gure herrialdean euria beti prest dago gu agurtzeko-eta.



Bizi garen inguruan edozein tresna ez da baliagarria aipatutako lan hau egiteko. Leku askotan sega-makina bidez egiten dute baserritarrek lan hori. Eta gure artean? Segaz.

Eta zer da sega? Laborea eta belarra hondo-hondotik ebakitzeko erabiltzen den lanabesa, bi eskutoki dituen kirten luze eta zuzen batez eta honek muturrean duen burdinazko xafla luze eta okertu batez osatua. Txapelketarako erabiltzen den xafla luze eta oker horrek 1,18 m eta 1,24 m artekoa izan behar du.

Eta zer da sega apustua? Herri kirola da, eta bertan denbora jakin batean belar gehien ebakitzen duenak irabazten du. Ebakitako belarraren pisua edo lursailaren azalera erabil daitezke irabazlea zehazteko irizpide gisa.

Kirol berezi hau egiteko ezinbestekoa da, ahal den neurrian, lursail laua eta altura bereko belarrekoa aurkitzea. Eta zelai horien ondoan, ikusleentzako nahiko
leku izatea ere komeni da. Gaur egun ordubeteko iraupena izaten du jokoak. Eta gero arrastelatzaileek, pisatzaileek eta laguntzaileek parte hartzen dute joko honetan, epaileen begirada ernearen pean.

Sega-jokoen lehen albistea Pello Errotak eman zigun 1880an. Sega-joko hura Iturriozen ospatu zena eta Izulea izan zen irabazlea. Baina egindako txapelketarik nagusiena Iturriozko lautadan 1925eko irailaren 28an eginiko izan zen. Pedro Mendizabal “Lokate” (Aiakoa) eta José Arrieta “Pantxesa” (Urnietakoa) aurrez aurre izan ziren, eta “Lokate” izan zen garaile.

Gerra aurretik sega-jokoan ibili diren ospe handiko “Amexketa”, Florentino Mayoz, “Ondartza” eta Olazabal gogoratu behar ditugu. Eta gerra osteko “Chiquito de Aya”, Egiguren, “Lizume”, “Ibiya”, “Irurzu”, “Polipaso”, Otegi eta Bernardo Irastorzak ere merezi dute aipamena.



Eta nola ez gogoratu Bixente Mitxelena. Honek jakin badaki noiz eta non sartu zion Erasunek azken arantza. Gizon jator honi kimu txiki bat sortu zaio: Unai. Lortuko al du aita bezalakoa izatea? Aitak dio: “Eskatzen badit prest nago erakusteko”.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****