euskaraz.net
Entzundakoak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Entzundakoak



Entzundakoak

***



Fran Perea
“La chica de la habitación de al lado”



“Los Serrano” eta beste hainbeste telesail ospetsutan lan egiten duen aktore honek lehen diskoa kaleratu du, “La chica de la habitación de al lado” izenekoa. Jarraitzaile gazteek harrera ona egin diote eta lehen astean singelaren 200.000 kopia saltzea lortu du. Lan honetan abesti politak eta lasaiak bildu ditu. Aipatzekoak dira Enrique Urquijok konposatutako “No me imagino” kantua, eta “La Oreja de Van Gogh” taldeko Xabiren “Que va a ser” abestiak. Diskoan ahots landua erakusten du.
Malagan jaioa, bertako Antzerki Eskolan lizentziatu zen eta Biologia ikasketak uztea erabaki zuen aktore lanetan bete betean murgiltzeko. 2001ean “Al salir de clase” telesailean Hugoren larruan aritu zen eta horrek ospea ekarri zion. Geroztik antzerki lanetan eta zinean aritu da, arrakasta handiz.
Martxoaren 6an Donostian ikusteko aukera izan genuen, Alex Ubago eta Hombre G taldearekin.

Mago de Oz
“Gaia”



Mago de Oz taldea musika munduan salbuespena da. Alde batetik, heavy metal estiloko taldea izanik, oso ezaguna delako eta, bestetik, lantzen dituzten gaiak musika mota honetako betikoak ez direlako. Bere azken lanarekin, “Gaia” izenekoa, platinozko diskoa lortu dute. Diskoaren liburuxkan “Gaia” zer den adierazten dute. Izan ere, natura irudikatzeko erabiltzen dute. Talde honek gizarte gaiak lantzen ditu. Besteak beste, Prestige itsasontziaren hondoratzea salatu dute eta horren ondorioz, Galiziari eskaini diote abesti bat. Oso lan borobila eta ona lortu dute. Talde honek 2001ean “La leyenda de La Mancha” lehenengo lana kaleratu zuen eta berehala arrakasta handia lortu zuen. Hurrengo lana “Folktergeist” diskoa izan zen eta “A costa del rock” DVD formatuan egindako lana. Beti bezala, diskoaren azala deigarria da. Azal deigarriak egitea ere bada taldearen ezaugarria.

Gareth Gates
“What my heart wants to say”



Britaina Handian “Operación Triunfo” motako lehiaketa baten bidez —“Pop idol”— bihurtu zen ezagun. Bisbal bezala, bigarrena geratu zen. Orduan 18 urte zituen eta, Bisbal bezala, oso maitatua izan da neska gazteen artean. Bere “fan” taldeak munduan zehar daude eta zaratatsuak dira oso. Bere lehen singelak arrakasta handia izan zuen, “Unchained Melody” izenekoa —“Ghost” filma gogoratzen duzue?—. Bere ezaugarririk ezagunena da hitz totela dela. Bai, totela! Baina, abestiei eta egindako ahaleginei esker, arazo hau gaindituz doa. Ahots oso polita izateaz gain, Gazek-ek —hau da bere goitizena— pianoa, gitarra eta bateria jotzen ditu. Bradfordeko abeslari honen estiloa ez da dantza egitekoa. Bere abestiak nahiko mantsoak dira, oso erromantikoak. Disko honek arrakasta handia izan du, batez ere “Anyone of us” izeneko abestiak. Bere lehenengo diskoa izan da eta benetan merezi du.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****