euskaraz.net
Inkesta

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 68 2004/05 »  Inkesta



Inkesta

**

Zaborrak irentsiko al gaitu?

Gauero gurasoek zaborra jaisteko esaten digute. Baina, pentsatu al duzue sekula hainbeste tona zabor nora doazen? Donostiatik oso gertu dagoen San Markoseko zabortegira, hain zuzen ere. Bi urte barru San Markos itxiko dutela esan berri dute, zabortegia ia beteta dagoelako. Egoera honen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegina egiten ari da arazo larri hau konpontzeko. Izan ere, zaborra murrizteko, birziklapena, gauzei bestelako erabilera ematea eta errausketa izan litezke irtenbidea. Hau egiten ez badugu, zaborrak irentsiko al gaitu? Kezkagarria da, benetan.


Eta arazo honen aurrean,

zer egiten duzu zuk?

Nerea Etxegia
DBH 1.maila

Ez nuke Gipuzkoan errausketa plantarik jartzea nahi. Nire ustez, errausketa plantak kutsadura gehiago ekarriko digu eta ozono geruzari kalte handiagoa egingo dio. Nik birziklatu egiten dut eta etxean ere familia osoak zaborra bereizten du. Hori egin behar da natura zaintzeko.

Noemí Pavón
DBH 1.maila

Nik egunero birziklatzen dut; etxean hiru poltsa ditugu zaborra bereizteko. Dendara joaten naizenean kartoizko estalkia ez duten yogurrak erosten ditut eta horrekin zabor gutxiago sortzen dut. Denok horrela egingo bagenu, askoz gutxiago kutsatuko genuke. Eta zuek, zer? Nik zuek ere plan hau egitera animatu nahi zaituztet.


Laura Alonso
DBH 1.maila

Nire ustez, birziklatu egin behar da. Jendeak birziklatu egiten duela esaten du normalean, baina egia al da? Gure etxean beti bereizten dugu zaborra. Zabortegiak betetzen ari dira, eta guk ezin dugu ezer egin? Birziklatzeko ahalegina egin behar dugu eta horrela, beharbada, lagunduko dugu. Eta zuek, zer egingo duzue?

Dani Bermejo
DBH 1.maila

Zabor gehiegi dago munduan, eta egun batean irentsi egingo gaitu. Zabortegiak beteta daude eta errausketa plantak sortu behar dira. Planta horiekin, ordea, haizea kutsatzen da eta, orduan, haize kutsatuak irentsiko gaitu. Nik zaborra gutxitzeko birziklatu egiten dut eta gauza gehiago ere egin dezakegu; plastiko edo paper gutxi duten gauzak erosi, adibidez.


Urko Garzo
DBH 1.maila

Nik birziklatu egiten dut, nire esku dagoen guztia egiten dut; horrela, gure ingurua eta ozono geruza babes ditzakegu. Bestalde, ez ditut erosten estalki asko duten produktuak, yogurrak adibidez. Izan ere, hau eginez gero, zabor gutxiago sortzen da. Denok hau egingo bagenu, zabor gutxiago sortuko litzateke.

Josu Zubillaga
DBH 1.maila

Zaborra bereizteko ohitura dut: papera, plastikoa eta olioa, batez ere. Nik gehiago bereizi nahi nuke, baina ez dago behar adinako leku etxean guztia uzteko. Nire ustez, zaborra gutxitzeko gauza asko egin dezakegu oraindik; adibidez, papera ondo aprobetxatu eskolan, erosterakoan paper edo plastiko gutxi duten produktuak erosi… Finean, gauza hauek denon eskura daude. Nik birziklatzen jarraituko dut. Eta zuk?


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****