euskaraz.net
Isidro deuna Astigarragan

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 68 2004/05 »  Isidro deuna Astigarragan



Donostia auzoka

***

Isidro deuna Astigarragan

Isidro Madrilen jaio zen 1070ean eta 1130ean hil zen.

10 urterekin umezurtz gelditu zenean, Don Juan de Vargasentzako lanean hasi zen baratzean. Han urte asko pasatu zituen lurrak zaintzen. Fede handikoa zenez, egunero mezetara joaten zen. Hori dela eta, laneko denbora bat galtzen zuen. Horregatik, lankideek salatu egin zuten, beraiek baino lan gutxiago egiten zuela argudiatuz.

Behin lana utzi eta mezetara joan zenean, aingeru bat etorri eta Isidroren lana egiten hasi zen. Isidro itzuli zenean, lanean hasi eta konturatu zen bere lana egina zegoela. Horrela egin zen santu eta baserritarren patroi.



Astigarragan betidanik ospatu izan da San Isidro jaia. Aurten ere egun zoragarria pasatzeko aukera izango dute gure baserritarrek maiatzaren 15ean. Gauza asko egongo dira: meza, prozesioa, barazki eta gauza zaharren erakusketa, abere proba, trikitilariak, bertsolariak eta baserritarren bazkaria.

Orain urte gutxi hasi zen Astigarragan laurogei urte bete dituzten baserritarrei omenaldi bat egiten.



Aurten Sebastiana Orbegozo (Elizondo baserrikoa) eta Hilario (Buenabentura baserrikoa) izango dira omenduak.

Zorionak!

Aipatu ditugun ekitaldi guztien artean, oso deigarria iruditzen zaigu abere proba. Urtero egiten da, baina urte guztietan ez dute modu berean egiten.

Nola antolatzen duten jakiteko, dakien bati galdetu diogu eta zera kontatu digu: “Euskadi mailan antolatzen da.Herri batean, 200 kiloko harriarekin 83 plaza egin badituzte, beste herri batera joaten dira marka hobetzera. Beti erlojuaren kontra egiten da, ez da lasterketa moduan izaten Behin, probak hiru idirekin egiten hasi zirenean uztarria puskatu egin zen, alde bateko idia beste biak baino handiagoa zelako. Jende guztia laguntzeko prest zegoen, idiak harrotuta alde egin nahi zuelako, baina epaileak laguntza ukatu egin zuen eta hiru idien jabeek bakarrik konpondu behar izan zuten arazoa, hamar minutuko epean.Legez horrela da eta kontuan izan behar dugu lehia dela eta ez ikuskizuna,askok uste duten bezala.

Maider, Joanes, Leire eta Maider.



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****