euskaraz.net
Ilargi Santamarina jokalaria

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 68 2004/05 »  Ilargi Santamarina jokalaria



Kirolak

**

“Nire esku balego,

bizitza osoa emango nuke futbolean jokatzen”

17 urte ditu Ilargi Santamarinak eta Herrerako Sporting-eko jokalaria da. Elkarrizketa egin diogu, kirolari gazteei buruz gehiago jakiteko. Oso gustuko du bere kirola.


“Beharrezkoa balitz, futbola utziko nuke ikasketengatik”


Badakigu, futbolean aritzea gustuko duzula, baina zure neska-lagunarekin egotea ere bai, ezta Ilargi?

Egia esan, lehendabizi entrenamenduetara joaten naiz eta bukatzean, nire neska-lagunarekin gelditzea dut gogoko.

Zenbat denbora daramazu futbolean?

Buf... bada, egia esan, txiki-txikitatik; eskolako kiroletan hasi nintzen. Nire esku balego bizitza guztian jokatuko nuke futbolean.

Kirol hau egiteko prestakuntza fisikoa behar dela argi dago; baina, zenbatean entrenatzen zara astero?

Bada, egia esan, astean bitan aritzen naiz taldearekin; baina nire kabuz ere denbora hartzen dut eta korrika egitera irteten naiz, sasoi onean mantentzeko. Eta asteburuan, futbol partida. Esan beharra dago partidaren bezperan gorputza erlaxatzen saiatzen naizela, ariketa fisiko handirik egin gabe.

Futbol partidarena aipatu duzunez... Zure lagunak edo neska-laguna zu ikustera joaten al dira? Gustuko al duzu hori?

Beno, ez dut guztiz atsegin, ez dakidalako partida ona egingo dudan ala ez. Baina partida hasita dagoela,
lagunak edo neska-laguna bertan direla jakiteak motibatu egiten nau eta hobeto jokatzen dut.

Jokalari profesional izatea al da zure ametsa? Zein taldetan jokatuko zenuke gustura?

Noski baietz, edozein jokalariren ametsa da. Oso zaila da, baina, profesionala banintz, Realean jokatzea nuke gustukoen. Nire esku baldego, bizitza osoa emango nuke futbolean jokatzen. Hala ere, bakoitzak badaki zer espero dezakeen eta, futbolean ongi moldatzen naizen arren, ez dut uste horrainoi iristeko aukera izango dudanik.

Zergatik esaten duzu hori?

Bada... eliteko edozein kirolean, maila oso oso altua eskatzen delako eta jende hobea badagoelako.

Ikasketak alde batera uzten al dituzu hain gustuko duzun kirolarengatik?

Ez! Egin beharrekoa beti egiten dut eta nahiko nota onak ateratzea gustuko dut. Ikasketak izango lirateke futboletik aldenduko nindukeen gauza bakarra; beharrezkoa balitz, futbola utziko nuke ikasketengatik. Zorionez, ez da horrela eta bi ekintzak eta neskarekin dudan harremana uztartzeko gai naiz oraindik.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****