euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 68 2004/05 »  Musika



Entzundakoak

***



Askotarikoa

“Basque planet”

19 musika talderen kanta bana jaso dituzte bilduma honetan. Wagram banatzaile independenteak argitaratu du eta Fermin Muguruzak egin du taldeen hautaketa, bere gustuak eta joera ezberdinak kontuan hartuta. Denetarik jaso du: reggae, ska, abangoardia elektronikoa, rock edo metal berria.

Askotarikotasun horren lekuko da taldeen zerrenda: Fermin Muguruza bera, Selektah Kolektiboa, Makala, Basque Dub Foundation, BXT, Skunk, Skalariak, Sagarroi, Betagarri, Berri Txarrak, Kuraia, Jousilouli, Kokein, AK, Anari eta Tapia eta Leturia.

Diskoaren sustatzaile Aritz Usandizagak azaldu duenez, talde eta kanta gehientsuenak oso ezagunak diren arren, Muguruzak bitxikeriak ere sartu nahi izan ditu. "AK, adibidez, plazaratu berri-berria da, eta oraindik ez da batere ezaguna".

Bilduma hori Euskal Herrian ere banatuko den arren, kanpora begira egin da.

Askotarikoa

“Metak 2001-2003”

Metak-ek hiru urteotan egindako lana laburbildu du bilduma batean. Bildumak bi atal ditu. Batetik, diskoetxearekin lanen bat kaleratu duten talde guztien abesti bana dakarren CDa dago. Bestetik, DVD batean hainbat bideoklip, Pil Pil Sessions azpi zigiluaren ekoizpenak, eta bestelako informazioa dakartza. Liburu itxurako bilduma zaindua da, diseinu ederrekoa.

Bildumaren helburua da batetik jendeari egindako lana erakustea; eta bestalde, prezio onean eta oso diseinu zainduan katalogo on bat eskaintzea.

DVDn honako talde hauen irudiak ikus daitezke: Kuraia (Bizi gera), Sorkun (Lurra), Seiurte (Zugatik), Ruper Ordorika (Zaindu maite duzun hori), Betagarri (Zure ingurua), Eraso! (Gertaerak), Pi.L.T. (Bestaldean), Miztura (Remix), Sagarroi (X-ixpiak), Skunk (Etor daitezela), Fermin Muguruza (Inkomunikazioa), -gailu (Kontrolari begira) eta Bap!! (Abiada bizian).

Sorkun

“Onna”

Musika munduan 1995. urtean hasi zen Kashbad taldearen estreinako diskoarekin. Horren ondotik, hainbat talderekin kolaboratu du, besteak beste, Negu Gorriak, Fermin Muguruza, Joxe Ripiau, Ekon, Flitter...

Oraingoan, disko honekin bakarka datorkigu, baina ez bakarrik. Kantuak konposatzeko prozesuan Xabi Strubell eta Gorka Sesma gitarra jotzaileak, eta Fermin Muguruza izan ditu ondoan. Kantuetan talde soinua antzematea zen bere nahia; kantuak hazten ikustea, kantuak talde soinuan birdefinitzea. Lan talde honekin 12 kantuko diskoa osatu du, rocka modu ireki batean ulertzeko aukera emanez; gogorra hala eskatzen duenean, lasaiagoak diren pasarteak bestetan, pop ukituak ahotsetan... Sorkun ez da estilo itxien lagun eta kantuak ez dira plano batean bakarrik mugitzen; aberatsak dira, ñabardurez beterikoak. Laburbilduz, taldean landutako bakarkako lana da “onna”, Sorkunen lehendabizikoa.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****