Damolab etxe domotikoa
Ikerlan-eko energia sailaren Domolab eraikina —etxe domotikoa— inauguratu zen Miñaoko parke teknologikoan. Etxea bi solairuko eraikina da, 180 metro karratu ditu eta ez du antz handirik hemen inguruan ikusten diren etxeekin. Itxuraz ere gainerako etxeak ez bezalakoa den arren, ezberdintasun handiena etxe tresna elektrikoak, segurtasun-sistemak eta energia erabiltzeko sisteman dago.
Domolab-en ez da inor bizi. Etxearen izenak berak adierazten duenez, laborategi funtzioa du, Enerlan-ek, Ikerlan zentro teknologikoko energia-sailak, ikerketak egiteko erabiliko baitu.
Miñaoko etxe domotikoan, etxe tresna elektriko, berogailu, segurtasun eta komunikazio tresnak maneiatzen dituen maior-domoak telefonoaren bidez etxeko aparatuak kontrolatzen ditu. Aginduak emateko, maior-domoak etxeko instalazio elektrikoa erabiltzen du, baina beste moduren bat ere erabil dezake, irrati-uhinak adibidez. Sistema honetan, erabiltzaileak aukeratzen ditu sare domotikoan sartu nahi dituen aparatuak. Erabiltzaileak berak sar edo ken dezake elementuren bat saretik, erraz programatzen delako.
Etxea, energia lortzeko, eguzki-panelez baliatzen da; hauek energia ateratzen dute eguzkitik.
Bluetooth teknologia
Bluetooth-ek, irrati-teknologia berriak, domotikan izan dezakeen eraginean ere itxaropen handia dute adituek. Labur esanda, Bluetooth teknologiak kable bidez konektatzen den guztia kablerik erabili gabe konektatzeko aukera ematen du. Teknologia hori ez da soilik sagua, inprimagailua edo beste zerbait ordenagailuarekin konektatzeko. Esaterako, eskuko telefonoa ateak irekitzeko, etxe tresna elektrikoak martxan jartzeko, telefonotik ordenagailura dokumentuak eramateko, kontagailuak irakurtzeko eta beste hainbat gauzatarako erabil daiteke.
Funtzio anitzeko mikrouhin labea
Mikrouhin labe honek banketxeetako operazioak egiteko, interneten bidez erosteko, posta elektronikoa erabiltzeko eta telebista ikusteko aukera ematen du. Ingalaterran asmatu dute etxe tresna elektriko hau eta datorren urtean merkaturatuko dutela diote.
Etxeko lanak egiteko robota
Dagoeneko etxeko lanak egiteko robotak salgai daude eta postaz ere eros daitezke. Probotics enpresak ekoizten ditu, 750 euro balio dute eta Cye izena dute. Oraingoz sinple samarra da. Aldez aurretik ordenadorez agindu behar zaio zein bide hartu behar duen eta bidean
|
zer oztopo topatuko dituen esan, nahiz eta berak ingurua azter dezakeen.
Bidea finkatu ondoren, bakoitzak nahi duen etxeko lana egiteko agin diezaioke. Adibidez, aspiradora pasatzea edo edalontzien orgatilatxoa bultzatzea. Behin lana amaitu ondoren, bateria kargatu behar zaio. Aurrerantzean robot sofistikatuagoak ekoizten hasi behar omen dute.
Xurgagailu robotikoa
Trilobite izena du Electrolux etxeak aurkeztu duen aspiradora robotikoak. Xurgagailu hori edozein gelaren %95 garbitzeko gai da. Betiko xurgagailuak baino %35 gehiago garbitzen du. Trilobite xurgagailua radar bitartez dabil, eta horretaz baliatzen da mugitzeko eta toki zailenetara iristeko. Produktua orain aurkeztu badute ere, Electrolux-ekoak 1990etik ari dira lanean teknologia mota hau garatzeko. Xurgagailua dagoeneko Suedian salgai dago eta Europa osoan ere erosi ahal izango da laster.
Trilobite xurgagailua ez da inoiz leku beretik pasatzen. Gainera, ur edalontzi bat ondoan jartzen badiogu, inguru guztia garbituko du ur tantarik bota gabe.
Etxe ekologikoa
Montreal inguruko Sainte-Dorothee herrian, ahalik eta energia gehien aurrezten duen “Novtec” izeneko etxea eraiki zuten eta domotika-arloko aurrerapen asko du. Birziklatutako beiratik ateratako zuntzak ditu hormetan eta etxe tresnak energia kontsumoaren arabera hautatu dira.
Airea garbitzeko dauden landare apaingarriak ere garrantzitsuak dira “Novtec” izeneko etxe-eredu honetan. Lorategiko zuhaitzak ere, etxean, haizea eta eguzkiagatik, ahalik eta tenperatura-aldaketa txikienak izateko moduan kokatu dira. Koniferoek haizeari oztopo egiten diote eta gainerako zuhaitzek udan, hosto zabalei esker, etxeari itzal egiteko moduan ipini dira. Neguan, berriz, hostorik gabeko adar meheak direla eta, etxeari ez diote argia kentzen.
Lorategiko belarra ere propio aukeratu dute. Basamortuko belar-mota bat denez, ura ere ohizkoaren erdia behar du.
Ordenagailua edo hozgailua?
Koreako konpainiak sukaldeko tresna domotiko berriak asmatu ditu; hozkailua, garbigailua eta mikrouhin labeak internetekin konektatzeko balio dutenak. Mikrouhina internetekin eta 100 errezeta baino gehiagorekin. Garbigailua internetekin, nahi duzun ordenagailutik kontrola daitekeena. Domotika sistemei esker, maior-domoaren bitartez, etxe tresna elektriko guztiak kontrolatu ahal izango dira telefono bidez.
|