euskaraz.net
Kepa Amillano sendagilearekin

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 69 2004/06 »  Kepa Amillano sendagilearekin



Elkarrizketa

**

“Mediku izateko asko ikasi behar da, eta lan orduak

ondo antolatu eta aprobetxatu behar dira”



Kepa Amillanok Onkologikoan lan egiten du, tumoreak eta minbiziak sendatzen. Sendagilea da. Bere lehen ikasketak Aitor Ikastolan egin zituen eta irakasleek esaten dutenez, ikasle argia eta saiatua zen. Orain ikusiko dituzue nolako erantzun interesgarriak eman dizkigun bere lanari buruz hitz egiterakoan.




Gogoan al duzu eskubaloi finala jokatu zenutenekoa?

Ez dut asko gogoratzen. Oroitzen naiz ekipoa osatzen zuen lagun-taldeaz. Euskadiko txapelketa zen, Gasteizen, eta bigarren gelditu ginen.

Zu agertzen zaren beste argazki bat ere badaukagu. Tronboia jotzen jarraitzen al duzu?

Ez, aspaldi utzi nion musika tresnak jotzeari.

Trenton gertatutako pasadizoren bat kontatuko al diguzu?

Ez dut gertakizun berezirik gogoratzen, baina gogoan dut autobuseko bidaia oso luzea izan zela, oso ondo egon ginela eta oso ondo tratatu gintuztela. Guk musika jo baino lehen, beste banda bat zegoen, eta oso ondo jo zuten.

Zergatik joan zineten Trentora?

Trentora joan ginenean, uste dut jadanik ez nengoela Ikastolan, Institutuan baizik. Garai hartan Trento eta Donostia senidetu zirenez, elkarrekin harreman handia zuten eta uste dut horregatik joan ginela, baina ez dakit zehazki.

Aitor ikastolan ibili zinen, baina beti Egia auzoan bizi izan al zara?

Bai, betidanik bizi naiz Egian, eta beti etxe berean. Bakarrik hiru urte eman ditut hemendik kanpo, Bilbon, unibertsitate ikasketak egiten ari nintzela.

Txikitatik nahi al zenuen mediku izan?

Ba, egia esan, ez naiz gogoratzen. Medikuntza egitea aukeratu aurretik, beste zerbait egin ote nezakeen ere begiratu nuen, gehien gustatzen zitzaidanari heltzeko. Azkenean, sendagile izatea erabaki nuen, baina ez bokazioz.



Sendagile izateko asko ikasi beharko da. Zenbat urte?

Sei urteko karrera da. Asko ikasi behar izaten da eta lan orduak ondo antolatu eta aprobetxatu behar dira. Lehen, mediku-ikasketak bukatu eta gero, Lizentziaturarekin lanean has zitekeen. Baina orain, 1995. urteaz geroztik, MIR izeneko azterketa egin behar da. Oposizio antzeko zerbait. MIRak “barne-mediku egoiliarra” deitzen zaion titulua ematen dizu. Honek, batetik, lanerako sarbidea ematen du, lortutako kalifikazioaren arabera zuk aukera dezakezuna, eta bestetik, espezialitate jakin bat egiteko sarbidea ere bai. Azken hau hiru, lau edo bost urteren buruan egin daiteke. Horregatik, gaur egun, nahiz eta medikuntzan lizentziatua izan, ezin da Osakidetza bezalako erakunde publikoan lanik egin.

Ikasketa denak euskaraz egin al dituzu? Non?

Ni ikasten hasi nintzenean, nahiz eta ikasgai batzuk euskaraz egiteko aukera egon,
gehienak gaztelaniaz zeudelako, ikasketa guztiak gaztelaniaz egitea erabaki nuen. Baina gero damutu izan zait. Izan ere, nire euskararen ezagutza maila jaitsi zen eta geroztik, orduan galdutakoa berreskuratzen ari naiz.

Ikasketa denak amaitu al dituzu?

Orain espezialitatea egiten ari naiz, ikasteak ez du bukaerarik.

Nolakoa da sendagile baten lanegun arrunt bat?

Ba, ez dakit. Zuek zer egiten dugula uste duzue? Ez dugula ezer egiten, ezta? Niri etxean ere gauza bera esaten didate. Finean, sendagileak egunaren buruan hamar edo hamabi gaixo ikusten baditu eta bakoitzarekin minutu bat edo beste egiten badu, beste denbora zertan pasatzen du? Hau da, kanpotik begiratuta, ikusten dena, baina gauzak beste modu batera dira.

Nik Onkologikoan lan egiten dut eta bertako berri eman dezaket, anbulatorioetan eta beste modu batera jokatzen baitute. Ni gehienetan goizeko 8.00tan puntuan sartzen naiz eta bilera bat egiten dugu gaixoei buruz hitz egiteko, gaixo bakoitzaren historialak aztertzeko. Iritziak elkartrukatzen ditugu erabakiak hartu aurretik. Bilera hauek ordu eta erdi inguru irauten dute. Gero, gaixo bakoitzarekin egoten gara bere egoerari buruzko argibideak emateko, baina denbora gehien gaixoen senitartekoekin hitz egiten ematen dugu.



Zu gaixotzen zarenean zer egiten duzu? Sendagilearengana joaten al zara?

Ni gutxitan joaten naiz sendagilearengana, osasun ona baitut. Lagunak edo senitartekoak gaixotu izan direnean, medikuarengana joateko esan izan diet.

Kirola osasuna omen da. Zuk kirolik egiten al duzu? Zein kirol?

Niri kirola asko gustatzen zait, baina, oso txarra izan naiz beti. Orain palan jokatzen dut eta, behin edo behin, korrika egitera ere joaten naiz.

Zuk lana Onkologikoan egiten omen duzu. Zerbait esango al diguzu hor sendatzen dituzuen gaixotasunei buruz?

Sendatu, ba... saiatzen gara gaixoak sendatzen Onkologikoan. Gehienetan tumoreak eta minbiziak izaten dira eta gaitz hauek, sendatu ez ezik, zaindu ere egin behar dira.

Elkarrizketa bukatzeko, azken galdera. Guk ONCEk antolatutako lehiaketa batean parte hartu genuen. Zuk aukeratu behar bazenu, zer nahiago zenuke izan, itsua ala gorra? Zergatik?

Nire ustez, gorra izatea eramangarriagoa da. Itsuaren lekuan jartzea zailagoa egiten zait. Jaiotzetik itsua denak ez daki zenbat kolore dauden... eta beste hainbat gabezia ere baditu.