Noiz hasi zinen hegazkinak egiteko zaletasun honekin?
Bederatzi edo hamar urterekin hasi nintzen hegazkinak egiten. Nire aitari asko gustatzen zitzaion hegazkingintza eta jaialdietara eramaten ninduen hegazkinak ikustera. Horren ondorioz egurrezko hegazkin txikiak egiten hasi nintzen.
Zenbat denbora behar duzu hegazkin bat egiteko?
Tamainaren arabera, baditut 30 zentimetrotik 3 metrorainoko hegazkinak. Hilabete asko ematen ditut, ez dudalako etengabe lan egiten. Gutxi gorabehera 300 ordu.
Zer material mota erabiltzen duzu?
Gehienbat zinka, oso molderraza delako eta gainera, eztainuarekin solda daitekeelako. Gainera, izkinak eta arraildurak estal daitezke eta hegazkinak kanpoan ditudanez, euria jasaten duen materiala behar dut. Porlan metalikoa ere erabiltzen dut.
Lapurtu al dizute noizbait hegazkinen bat?
Bai, baina orain dela asko izan zen eta ezin dut esan min handirik egin zidanik. Gainera, txikia zen eta seguraski tontakeri bat egitearren egin zuten.
|
Hegazkinen bat saldu al duzu inoiz?
Ez, ez dut inoiz saldu eta ez dut saltzeko asmorik ere, hegazkin hauek niretzat preziorik ez dutelako. Ordu asko ematen dut hegazkinak egiten eta asko estimatzen ditut. Hegazkin hauek egiatarrentzat ditut hemen; esaten dugun bezala hau “hegazkinen etxea” da.
Hegazkinen bat besteak baino gehiago hobesten al duzu?
Ez, denek dute esanahi berezia. Adibidez, badaukat bat errusiarrek Espainiako Errepublikari bidali ziotena, “Rata” izenekoa, eta Espainiako Gerran zerikusi handia izan zuelako egin nuen. “Barón rojo” izeneko bat ere badut, Lehenengo Mundu Gerran parte hartu zuen; izena 81 hegazkin eraitsi zituen pilotu baten omenez du.
Nondik ateratzen dituzu hegazkinen planoak?
Munduko hegazkin guztien planoak biltzen dituen entziklopedia bat badut hemen.
Erakusketaren batera eraman al dituzu noizbait hegazkinak?
Bai, behin Koldo Mitxelenak hegazkin bat enkargatu zidan, “El Principito”ren idazleak pilotatu zuena; baina hortaz aparte ez. Nola eramango ditut horrelako hegazkin handiak erakusketa batera?
|