euskaraz.net
Ikasleak idazle

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 70 2004/10 »  Ikasleak idazle



Ikasleak idazle

* * *

Nire gogoko mutila

Orain hogeita bi urte dauzkat eta barre egiten dudan bitartean gogoratzen dut nire lehenengo mutila. Denboran atzera egin dezagun...

Hamahiru urte nituenean Lauaizetako ikasle nintzen. Lagun min bat nuen, Ianire. Berari dena kontatzen nion: etxeko arazoak; ikasketetan zer moduz nindoan eta gai garrantzitsuena, mutilak.

Garai haietan Garikoitz izeneko mutila gustatzen zitzaidan, baina, ez nekien nola hasi berarekin harremanetan, nahiz eta ikasgela berean geunden. Ianirek esaten zidan edozer esan niezaiokeela, eta nik horixe egiten nuen. Baina, gehienetan lotsagarri gelditzen nintzen, gauza tontoak galdetzen nizkiolako edo hitz egitean, ahoa erabat lehortzen zitzaidalako.

Egun batean, Garikoitzi kasurik ez egitea erabaki nuen, lotsa pasatzen nuelako berarekin berriketan. Eta gainera, iruditzen zitzaidan gelakide guztiak konturatzen hasiak zirela beretaz txora-txora eginda nengoela.
Garikoitzekin hitzik egin gabe denbora dezente igaro ondoren, badirudi bera konturatu zela, ez niola kasu zipitzik ere egiten. Oraingoan, bera hasi zitzaidan galdera tontoak egiten eta mingaina trabatuta zuela hitz egiten.

Gure arteko harremana, beste edozein mutilekin nuena baino askoz hobea zen eta berak zioenez, oso neska jatorra nintzen.

Nire etxean lan bat egiten ari ginen bitartean oso sentsazio arraroa sentitu nuen, eta nahigabe bi hitz esan nituen:

Gustatzen zatzaizkit.

Bera, niri begira geratu zen irribarre polita aurpegian zuela, eta musu eman zidan. Handik aurrera, bikote moduan ateratzen hasi ginen eta urtebete iraun genuen. Ez genuen haserre amaitu nahi, beraz, lagun moduan geratu ginen.

Gaur egun, esan dezaket nire lagun minak Ianire eta Garikoitz direla.

Amaia Asurmendi

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****