euskaraz.net
Landare toxikoak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 75 2005/06 »  Landare toxikoak



Ekologia

* * * *

Landare toxikoak

Dotoreak bezain kaltegarriak

Landare toxikoak ohikoak dira inguruotan. Landare hauek itxura polita izan ohi dute, baina magia eta heriotza istorioen gordeleku dira. Landare hauen osagai batzuk botiketan erabiltzen dira, eta haietako batzuk, puntako sendagarriak dira.




Gizakia eta landareak elkarrekin oso lotuta egon dira beti: landare batzuk jan egiten ditugu, beste batzuk abereei ematen dizkiegu, eta beste batzuk, aldiz, jantziak egiteko erabili ohi ditugu. Hala ere, zenbait landarek oso ospe txarra dute, haiek janez gero, hil egin gaitezkeelako.

Garai batean, gizakia leku batetik bestera ibili ohi zenean, landare hauek jateko ohitura zegoen. Batzuek landareak probatu egiten zituzten, eta besteek, ondorioak behatu: aluzinazioak, okak, sabeleko oinaze jasangaitzak... Esperientzia bakoitzaren ondoren, landare hauei buruzko jakituria handitzen joan zen.

Denek dute pozoia

Landare gehienek dute osagarri pozoitsuren bat. Landareen defentsa sistemari zor zaio pozoi hori: landareak landarejalearengandik babesteko era da, hain zuzen. Zenbaitetan substantzia hauek proteinak dira, besteetan alkaloideak... eta abar.

Kopuru txikian hartuz gero, substantzia hauek mesedegarriak dira -morfina, kafeina, edo nikotina, adibidez-, baina hauek guztiak, sendagileen aholkuen ondoren erabili behar dira. Urtero toxikazio kasuren bat gertatzen da, eta dagoeneko, Osasun Ministerioak
197 landare eta onddo espezie erretiratu ditu saltokietatik. Hauetako batzuk oso ezagunak dira gure inguruan: ezpela eta garoa, esaterako.

Botikak ala pozoiak?

Pozoiaz mintzatzerakoan, Sokrates ekarri behar da gogora. Gogoan izan behar da, Sokrates epaitu egin zutela zenbait gazte bere buruaz beste egitera bultzatu omen zituelako. Hain zuzen, zikuta hartuta hil zen Sokrates. 1978. urtean, Markov izeneko disidente bulgariarra kalean hil zen, pertsona batek akain belar dosi bat injektatu ondoren. 2004. urtean, zianuroa erabili zen arma biologiko gisa, AEBetako senatura bidalitako gutunetan. Ezagunak eta deigarriak dira “aro” landarearen bolatxo gorriak, “suge-jana” goitizenez ezagunak. Aluzinagarri gisa erabili ahal izateko, asma-belarra (estramonioa) eta belaikia (belladona) landareak bilatzen dituzte zenbaitzuek.

Landareak, eragiten dituzten ondorioen arabera sailkatzen dira. Digestio aparatuarekin lotuta, gorostia, aroa, huntza eta mihura dira ezagunenak. Beste batzuek bihotzari eragiten diote, hagina, akonitoa eta basa-erramuak (boneteroa, euonymus europaeus), esaterako. Burua astintzen dutenak dira arriskutsuenak: belaikia, asma-belarra, erabelarra (beleñoa)...



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****