|
Elkarrizketa
*
*
*
|
|
“Txikitan, asko gustatzen zitzaidan idaztea; asko dibertitzen nintzen”
|
|
Mariasun Landa Etxebeste euskarazko haur-literaturgintzan idazle ezagunenetakoa dugu. Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1949ko ekainean. Gaur egun, Donostian bizi da, eta irakaslea da Irakasle eskolan. Sari asko irabazi ditu: Lizardi Saria, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, eta Baporea lehiaketako finalean ere izan zen. “Krokodiloa ohe azpian” dugu Landak argitaratutako azken liburua.
|
Noiz eta nola sartu zitzaizun idazteko irrika?
Txikitan, nire buruari esan nion artista izan nahi nuela. Egia esan, artista samarra nintzen umetan, agian orain baino gehiago (kar, kar, kar)... Beti esaten nuen abeslaria izango nintzela... “builosa” samarra, behintzat, banintzen.
Zure ikasketak egiten ari zinela argi al zenuen idazle izan nahi zenuela?
Nik uste dut baietz; idazle izatea nuen amets. Eta gero horrela izan da.
Gazteagoa zinenean, 13 urte zenituenean, gustatzen al zitzaizun idaztea eta irakurtzea?
Pentsa ezazu, garai hartan telebistarik ez genuela; beraz, komikiak eta gustuko liburuak irakurtzea oso atsegina zen guretzat. Idaztea, istorioak asmatzea ere asko gustatzen zitzaidan, eta 13 urte nituela liburuxka bat egin nuen nire lehen ipuin haiekin, marrazki eta guzti.
Noiz idatzi zenuen zure lehen liburua?
1982an. “Amets Uhinak” du izenburua, eta ikastolako ikasleentzako idatzitako ipuinak biltzen dira bertan.
Idatzitako zure lehen liburuak arrakastarik izan al zu- en?
Orduan ez zegoen gaur egun dagoen bezainbeste liburu, eta dezente zabaldu zen.
Horrek animatu al zintuen gehiago idaztera?
Gehien animatu ninduena, Txan fantasma ipuinari eman zioten Xabier Lizardi Saria izan zen, 1984an.
Zertan oinarritzen zara zure ipuinak idazteko orduan?
Oso gai zabala eta sakona da. Ipuin bakoitzak du bere istoriotxoa, baina oro har, fantasia eta errealitatea nahastea atsegin dudala uste dut. Umorea eta sentikortasuna ere oso garrantzitsuak dira niretzat.
Zer nahiago duzu, helduentzat ala gazteentzat idatzi?
Orain arte, helduentzat artikuluak eta abar idatzi izan ditut. Istorio literarioak, berriz, gazteentzat.
Zure ustez, ondo idazteko, irakurle ona izan behar al da?
Bai. Irakurtzea ezinbestekoa da idazle batentzat.
Idatzitako liburuetatik, zein izan da arrakastatsuena eta zuri gehien gustatzen zaizuna?
Zaila da erantzuten, baina hona hemen batzuk: “Txan fantasma”, “Nire eskua zurean”, “Elefante txori-bihotza”, “Iholdi”, “Galtzerdi suizida”, “ Krokodiloa ohe azpian”...
Zein da, zeure iritziz, maisurik onena literaturan?
Maisu eta maistra asko izan ditut; beren izenak ez dira folio honetan sartzen.
Nola gustatzen zaizu idaztea: musika entzunez, isiltasunean...?
Isiltasunean.
Saririk irabazi al duzu?
Besteak beste: Lizardi Saria, “Txan fantasma” liburuarekin; Euskadi Saria, “Alex” liburuarekin; Espainiako Sari Nazionala, “Krokodiloa ohe azpian” liburuarekin.
Errenteriakoa zara, baina non bizi zara orain?
Donostian bizi naiz hamabost urte nituenetik. Gazte garaian Parisen bizi izan nintzen, lau urtez.
Idazteaz gain, zein dira zure zaletasunak?
Kruasanak jatea, mendira joatea, berriketan aritzea, zinea, eta, ahal dudanean, dantza egitea!
Azkenaldi honetan, asko bidaiatzen ari zarela eta, ez al duzu familia faltan botatzen?
Bai; familia, lagunak, kaleko farolak, terrazako landareak, kresal-usaina, egunkaria irakurtzen dudan taberna... Horren truke, paisaiak eta jende berria ezagutzen ditut.
Aukeratu ahal izango bazenu, munduko zein lekutara joatea gustatuko litzaizuke?
Zerrenda luzea dut, baina Txinatik bueltaxka bat egitea ez legoke gaizki.
Zer nahiago duzu, mendia ala hondartza?
Biak.
Zurekin batera ikasketak egindako norbait bizi al da gaur egun idaztetik?
Txikitako lagunenetatik... ez dut uste.
Liburu berriren bat idazten ari zara?
Idazten ari naiz, bai. Ez dakit zer aterako den.
Nola ikusten duzu euskararen egoera literatura munduan?
Egun baikorra badut, nahiko ona. Beste egun ezkorragoetan, berriz, nahiko kaskar.
Internetek liburua ordezkatuko al du?
Uf, auskalo! Ikusteke dago, baina, neure iritziz, liburuak bizitza luzea du oraindik.
Emango al zeniguke gomendioren bat?
Liburuak misterioz eta abenturaz beteta daude. Irakurtzea oso ona da.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|