euskaraz.net
Udazkena

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 76 2005/11 »  Udazkena



Ekologia * * * *

Katagorria

Euskal Herriko herri eta hirietan ez da, orain arte, oso ugaria izan, baina pixkanaka-pixkanaka hedatzen ari da. Katagorria isats iletsu eta luzeko animalia karraskaria da. Hemen inguruan ibiltzen direnak gorrixkak dira, hegoaldekoak, batez ere.

Katagorriaren dietan, haziak eta fruituak dira elikagai nagusiak: gaztainak, ezkurrak, pinu-haziak, onddoak... Jakiak eskuratzeko urte-sasoirik egokienean, elikagai-biltegiak eratzen ditu, eskasia denerako. Biltegiak behar baino lehenago agortuz gero, zuhaitz-kimuak nahiz txorien arrautza eta txitak ere jan ditzake udaberri aldean –gehienetan–. Katagorria ugalkortasun handiko animalia da, baina haren hilkortasuna ere altua da, janari-eskasia edota negu gogorrak direla eta.

Udaberrian 30-35 eguneko ernaldia egin ondoren, 4-7 kume jaiotzen dira udaberri amaieran. Katagorriaren habia adartxoz eta zotzez eginiko egitura biribil trinko eta sendoa izaten da, eta bi edo hiru adarren arteko loturaz baliatzen da hari eusteko. Udazkena iristerako, katagorri gaztea bere kasa ibiltzen da, eta gehienetan janari bila ibiltzen da, adarrez adar.




Ander García. 6. maila

Udazkena, zoragarria mendira joateko

Igandean, goizeko 8etan kiroldegi aurrean geunden. Handik, Oiartzunerako autobidea hartu genuen. Gure helburua Aiako Harrietara joatea zen. Bidean, oso paisaia ederrak ikusi genituen, eta mendia gero eta gertuago. Kotxeak aparkalekuan utzi, eta oinez hasi ginen. Bunker baten ondotik pasatu ginen, eta taldeko batzuk barrura sartu ziren. Gure bidea jarraituz, ia-ia goraino ailegatu baino pixkatxo bat lehenago, hodei-itsaso zoragarri bat ikusi genuen. Handixe bidexka bat ateratzen zen; hura hartu, eta kapera bihurtutako kobazulo batera eraman gintuen. Handik mendi tontorrerainoko bidea erraza zen. Gora ailegatu, atseden hartzeko eseri, eta taldearen argazkia atera genuen. Beherakoan, zelai batzuetara joan ginen, eta jolas eta jolas aritu ginen han. Zuhaitzen koloreak berde-gorrixkak ziren, eta paisaia ikusgarria eratzen zuten. Etxera itzuli ginen bazkaltzera. Egun ederra izan zen.


Aitor Gaton. 6. maila.

Eguzki-arranoa

Arrano handia da, eta asko pisatzen du. Bere lumajearen kolorea beltzarana da, eta garondoarena, berriz, horixka. Planeatzen edo lerratzen ari direnean, zuzen jartzen dituzte hegoak, eta ez “V” moduan. Goialdea ilun-iluna dute; horixe da alde nabarmenena errege arranoarekin alderatuz gero.

Habia zuhaitzetan egiten dute. Egitura handia izaten da eguzki-arranoaren habia, eta adar handiz nahiz txikiz, belarrez eta hostoz egina da. Bi edo hiru arrautza jartzen dituzte, otsail edo martxo aldera. Haren arrautzak ez du distirarik; zuria da, eta mota gris edo beltzak ditu. Berrogeita hiru bat egun pasatu behar dira kumea jaio arte. Txitak zuri kolorekoak dira, eta lumatxa dute. Haien mokoa eta hankak horiak dira.

Amak ematen die jaten. Jaio eta hamalau egunetara ateratzen zaizkie lehenengo lumak; azkenak, aldiz, berrogeita hamabost egun geroago. Hirurogei bat egun pasatu ondoren egiten dute hegan, baina oraindik beste bi edo hiru astez egoten dira habian. Benetan animalia ikusgarri eta dotorea da.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****