euskaraz.net
Eskolarteko literatur lehiaketa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Eskolarteko literatur lehiaketa



Ikasleak idazle * * *

Donostiako Eskolarteko Literatur Lehiaketaren garaia
Otsailaren 17an bukatuko da lanak aurkezteko epea


Boligrafoa hartu, papera prestatu, eta ekin lanari. Urtero antolatzen da Eskolarteko Koldo Mitxelena literatur saria, eta oraintsu banatu berri dira sariaren oinarriak. Bi hilabeteko epea duzue lanak aurkezteko. Hamazazpigarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, partehartzaile guztiek sariren bat jasoko dute, eta zortea alde izanez gero, sari nagusiren bat eskura daiteke.

Zure gustukoa aukeratu

Olerkia, ipuina, bertso papera, komikia edota gutun bat idaztea dago aukeren artean. Beraz, bada non aukeratu eta edonork parte har dezake, Lehen Hezkuntzako Ziklotik hasi eta Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketaraino. Oso adin tarte zabala da, beraz: 6 urtetik 18 urtera bitartean.

Lehiaketa arrakastatsua

Hamazazpi urte igaro dira Donostiako Eskolarteko Literatur Lehiaketa sortu zenetik. Edizio asko egin dira jada, eta lehiaketak arrakasta handia du: iaz Donostiako 28 ikastetxetako 1.248 haur eta gaztek 1.473 lan aurkeztu zituzten. Lehiaketa motei dagokienean, komikia izan zen arrakastatsuena, 596 lan aurkeztu baitziren.

Sari eta saritu ugari

Parte hartzaile guztiek, sakeleko telefonoa eta giltzak eramateko zinta, eta “Don Kijote Mantxako” liburua edota Oskorriren diskoa jaso zuten Kursaalean egindako sari banaketa ekitaldian.

Sarituek, berriz, diskmanak, argazki eta bideo kamera digitalak eta ordenagailu eramangarriak irabazi zituzten. Saritu nagusiak hauek izan ziren: Marina Cerviño, Ander Martinez, Alex Erguin, Ander Lizarza, Ainhoa Azpiroz, Jone Etxeberria, Maialen Suarez, Uxoa Olano, Haizea Solasgurenbeaskoa, Maialen Goñi, Imanol Trueba eta Jon Iraola. 2006ko edizioan zu izan zaitezke sarituetako bat. Ez aukera galdu eta zure lanak aurkeztu!

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****