|
Entzundakoak
*
*
*
oso ona ona balekoa txarra
|
|
“Gure irratia. Zure rokanrrola”
Askoren artean
Hamaika talderen abestiak entzun daitezke Baionako Gure Irratia-ren alde argitaratutako disko honetan. Baionako Gure Irratiak urte asko daramatza euskaraz emititzen, eta lan garrantzitsua egiten ari da gure hizkuntzaren alde Ipar Euskal Herrian. Bilduma honetan era guztietako musika estiloak entzun daitezke, baina denek dute lotura rock´n´rollarekin. Talde ezagun asko entzun daitezke diskoan -Kuraia, Keike, Brigada Criminal, Sorkun, Surfin Kaos, Captain Nemo...-, baina horiekin batera, hainbesteko ospea ez duten beste talde batzuk ere badira -717, Potemkin, Izate, Ikus, Ozke, Dirties, Sextyserxes...-. Egia esan, oso disko gomendagarria da, eta abesti asko izan arren, oso gustura entzuten da.
|
“Urrezko kabiak”
Buitraker
Askotan, Nafarroako musika taldeez ari garenean, soilik Berri Txarrak, Skalariak eta Kerobia etortzen zaizkigu gogora. Baina komeni da gogoan izatea, Buitraker izeneko taldeak ere urteak daramatzala Iruńea ingurutik euskarazko abesti ederrak eskaintzen. Disko berri honetan, Buitraker taldeak bere betiko estiloari eusten dio: metala, melodiak eta oinarri elektronikoak nahasten dituen koktela, alegia. Disko hau primeran hasten da “Buitraker show” kantuarekin, eta gero, “Ongi etorri infernura” abestiko gitarra indartsuen ondoren, lasaialdi moduko bat dator “Revox”, “Inon ez” eta “Irrika” pieza jostalariekin. Egia esan, oso disko sendo, zuzen, indartsu eta aberatsa da “Urrezko kabiak” hau, eta Aitor kantaria inoiz baino hobeto ari dela iruditu zaigu.
|
|
|
“Iluntzean ”
Bidebat
Irratia entzuteko ohitura baduzue, aspaldi konturatuko zineten, badela Bidebat izeneko talde bizkaitar bat, azkenaldion uhinak gogor astintzen ari dena. “Iluntzean” hau Bidebat taldearen lehen diskoa da, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratu du, eta argi eta garbi erakusten du metal estiloa osasuntsu dagoela Euskal Herrian. “Iluntzean” honek talde gehientsuenek lehen diskoan erakusten ez duten zerbait du: abesti onak, oso ondo funtzionatzen duen ahotsa, intentsitatea, eta neurtzen zailagoa den zerbait, “feeling” ona, alegia. Abesti paregabe asko dago disko honetako hamar abestien artean: “Iluntzean”, “Itxaropen uhartea” eta “Zenbat bider”, adibidez. Orain, taldea buru-belarri dabil, han eta hemen disko indartsu hau aurkezten. Zorionak Bidebat!
|
“Punkaren 25 urteko historia bizia”
Rip
Rip izeneko punk taldea euskal musikak inoiz emandako talde indartsuenetakoa izan zen. Talde gutxik izan dute Arrasateko laukote honen indarra, eta indar hori ezinhobe islatzen da Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak kaleratutako dvd/cd bikoitz honetan. Taldeari buruzko dokumentala, kontzertuetako irudiak, argitaratugabeko abestiak... hamaika kontu dakartza harribitxi honek. Bere garaian Rip taldea zuzenean ikusteko aukera izan ez genuen gazteontzat, sekulako pagotxa da bilduma aberasgarri hau; izan ere, gaur egungo musika taldeak nondik datozen, nondik sortu diren, ikusi eta pentsatzeko baliagarria da. Gabonetarako opari ederra da, benetan.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|