euskaraz.net
Hegazti gripea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 78 2006/02 »  Hegazti gripea



Erreportajea

Hegazti gripea
Askotan entzun dugu azken aldian hegazti-gripea delakoa. Gaitza Asiako hego-ekialdean hasi zen zabaltzen 2003. urtean, eta, egun, ehundik gora dira kutsatutako gizakiak. Baina zer da gaixotasun hori? Nondik dator? Eta kutsa al gaitezke gu? Galdera horiei erantzunak aurkitzen saiatu gara.


Zer da hegazti-gripea?

Hegazti-gripea (gaztelaniaz “gripe aviar” deritzana) A motako gripearen birusak sorturiko gaixotasun infekziosoa da, normalean hegaztiak kaltetzen dituena, eta, askotan, txerriak. Oso gutxitan bada ere, inoiz gertatu da birus horrek pertsonei erasotzea, animalia gaixoekin kontaktuan egon ondoren.

Etxe-hegaztien artean, bi gaixotasun mota eragiten ditu infekzioak: gogortasun baxukoa eta gogortasun altukoa. Lehenengoak sintoma arinak eragiten ditu hegaztiengan; bigarrena, berriz, oso azkar hedatzen da hegaztien artean, eta hilkortasun-tasa % 100ekoa izan daiteke lehenbiziko 48 orduetan.

Nola hedatzen da gripe hau?

Hegaztiengan, listuan, mukian eta zirinean aurki daiteke birusa. Kutsakorra den kasuan, kaka horiekin edo kutsatutako azalarekin kontaktuan jartzean kutsatzen da; horregatik, hegazti hori lehenbailehen hil beharra dago.

Zein arrisku dute gizakiek?

Asiako hego-ekialdean 2003. urtearen erdialdean agertu zena, orain arte erregistratu den agerraldi handiena eta larriena da. Birus eragileak, HSN1-k, normalean, ez die pertsonei erasaten. Hala ere, orain arte 117 pertsonei diagnostikatu zaizkie halako kasuak. Kasu horietako gehienak hegaztiekiko edo horien zirinekiko kontaktu zuzenagatik gertatu dira, nekazaritza guneetan; alegia, hegaztien eta gizakien arteko kontaktua normala den tokietan. Baina, litekeena da, kasuren batean infekzioa pertsona batetik beste pertsona batera kutsatu izana. Horretan datza kezkarik handiena; birusa aldatzea, pertsonentzat oso kutsakorra izango den forma bat hartuz, eta oso erraz hedatzea; horixe litzateke pandemiaren hasiera.

Oraingoz, gure herrialdean ez dago hegazti-griperik; beraz, ez dago kutsatzeko arriskurik. Dena dela, hegazti-gripea egon edo ez egon, ehiztariek eta basahegaztiak manipulatzen dituzten pertsona guztiek, oinarrizko higiene-neurriak hartu behar dituzte hegazti horiekin kontaktuan egon ondoren. Hala ere, adierazi beharra dago, orain arte egin diren ikerketen arabera, hegazti-gripearen birusa arnasaren bidez soilik kutsatzen dela, baina ez infektaturiko hegaztia jateagatik. Gainera, birus horrek ez du tenperatura alturik jasaten, eta, ondorioz, hegaztia sukaldean prestatzean suntsitu egiten da.

Zeintzuk dira sintomak?

Pandemia baten arriskua egon daitekeenez, garrantzitsua da hegaztien gripeak gizakiarengan sortzen dituen lehen sintomak zeintzuk diren jakitea. Lehenik eta behin, esan beharra dago infekzio-iturritik hurbil egon ondorengo inkubazio-denbora 3-5 egunekoa izan daitekeela, eta 7 egunekoa gehienez ere. Deskribatu diren sintoma batzuk gripe arruntaren ohikoak dira (sukarra, eztula, eztarriko mina, giharretako mina); beste batzuk, berriz, begietako infekzioa, pneumonia, arnas gaixotasun larria, eta beste sintoma larriago batzuk. Infekzioa eragiten duen birusaren araberakoak izan daitezke sintomak.

Ba al dago txertorik?

Oraindik ez dago txertorik, baina laborategi batzuk ari dira jadanik entsegu klinikoak egiten eta garatzen, balizko txertoen eraginkortasuna aztertzeko. Hala, zenbait formulazio egiten ari dira txertoa egiteko behar den antigeno kantitatea neurtu, eta era horretan, txertoa produzitzeko gaitasuna areagotzeko. Txertoko birusak birus pandemikoaren ahalik eta antzekoena izan behar du; horregatik, birus pandemikoa agertu arte, ez lirateke hasiko txertoa eskala handian produzitzen, eta orduan deklaratuko lukete, pandemia izan, badela.

Bidaiatu daiteke herrialde horietara?

Osasunaren munduko erakundeak adierazi duenez, hegazti-gripeak, oraingoz behintzat, ez du lurralde horietara joatea galarazi. Dena dela, gomendagarria da osasun-aholku batzuk betetzea, aparteko egoera batzuetan bakarrik gertatzen diren kutsadura-arriskuak saihesteko. Ondorengo aholku betetzea komeni da:

Lehenik eta behin, ez ukitu hegaztiak dauden merkatu, biltegi edo erreserba naturaletako animaliarik bizirik; ez erosi edo ez eduki inolako kontakturik konpainiako hegaztiekin; eta, hegazti gripea izandako lurralde horietakoren batera bidaiatzerakoan, gripe arruntaren aurkako txertoa ipini, infekzio-kidea ekiditeko.

Oso garrantzitsua da, era berean, norberak higiene egokia edukitzea eta jende askoko guneak saihestea (azoka...). Gainera, norberaren osasun-egoerari jarraipena egin behar zaio, eta, arrisku-egoera horietan egon ondoren, sintomarik txikiena izanik, medikuarengana jo.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena