euskaraz.net
Egiptoko hiri ezkutua

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 78 2006/02 »  Egiptoko hiri ezkutua



Ikasleak idazle

Egiptoko hiri ezkutua
Baziren behin bi ume: Telmo eta Lukas. 10 urte zituzten biek. Lukasek egiptoeraz hitz egiten zekien, baina Telmok ez.

Egun batean, Lukas eta Telmo liburutegira joan ziren. Ez zegoen liburu interesgarririk, baina, bat-batean, liburu arraro bat ikusi zuten, eta, harengana hurbiltzean, egiptoeraz zegoela konturatu ziren. Hiri ezkutu baten berri jakin zuten, eta hiri hori kobazulo baten barrenean zegoela ikusi zuten. Kobazuloa, berriz, labirinto bat bezalakoa zen. Liburua maileguan eskatu, eta parke batera joan ziren. Liburua hobeto irakurri zutenean, hiri ezkutua Egiptoko basamortuan zegoela ohartu ziren.

Urte batzuk pasatu ondoren, Telmok eta Lukasek Egiptoko basamortura joatea erabaki zuten. Telmok hegazkin bat zeukan, eta hegazkin horretan joan ziren Egiptora. Iritsi zirenean, hegazkina ezkutatu, eta hiri ezkutua bilatzen hasi ziren. Ordu batzuk ibili ondoren, basamortuaren erdialdean zeuden. Telmo eta Lukas zingiretan hondoratzen hasi ziren. Lukasek eta Telmok ez zekiten zeri heldu; orduan, kasualitatez, Lukasek adartxo bat ikusi, eta horri tiraka salbatu ziren. Gaua gainean zeukaten, eta gaua han igarotzea erabaki zuten.

Hurrengo egunean, oinez hasi zirenean, Telmok estropezu egin zuen, baina ez zuen minik hartu. Telmok errieta egin zion Lukasi, eta Lukasek esan zion ez ziola berak ezer egin. Orduan, atzerantz begiratu zutenean, harri handi samar bat ikusi zuten. Lukasek pentsatu zuen, agian, Egiptoko hiri ezkutuan egongo zirela, eta, aurrera begiratu eta hiria hantxe ikusi zuten, inork aurkitu ez zuen hiria.

Hiriaren barnera sartu, eta kobazulo bat zegoen han. Telmok ez zuen ulertzen, baina Lukasek bai. Orduan, Lukasek esan zuen: “hona sartzen dena ez da aterako”, baina, oso ausartak zirenez, kobazulo barrura joan ziren.

Kobazuloa armiarma-sarez eta eskorpioiz betea zegoen. Sarreratik geroz eta urrunago zeuden. Konturatu zirenerako, galduta zeuden. Sarrerara joaten saiatu ziren, baina alferrik. Orduan, Lukasek kamera ezkutu bat aurkitu zuen. Han, hildako baten hilobi bat ikusi zuten. Telmok hilobia ireki zuen, eta momia bat zegoen bertan. Besapean liburu bat zeukan momiak. Telmok hura hartu zuen, eta irakurtzen hasi zen. Bat-batean, haize-bolada bat sartu zen. Lukasek eta Telmok momiari begiratu zioten, eta momia desagertu egin zen.

Lukas eta Telmo beldur ziren. Telmok zerbait nabaritu zuen bere bizkar aldetik. Biratu, eta nor aurkitu zuen? Anubis bera. Telmok Lukasi abisatu zion. Baina Lukasek ez zuen sinesten; orduan, Lukas biratu zenean, Anubis ikusi zuen beraren begien aurrean. Telmori barkamena eskatu zion, eta Anubisek galdetu zien, ea zer ari ziren han. Ez zekiten nola azaldu. Anubisek, zintzoak zirela ikusita, kobazulotik ateratzen laguntzea erabaki zuen. Paretan zehar eskuak mugitu, eta zulo bat egin zuen, eta badakizue, zer zegoen beste aldean? Beren herria! Anubisek esan zien handik ateratzeko aukera izango zutela. Telmok eta Lukasek eskerrak eman zizkioten, eta zuloa txikitzen hasi ziren. Telmo eta Lukas isilik geratu ziren.
Ikasbide 5.maila


Testuen Sailkapenerako Kodeak:

Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena