euskaraz.net
Zirkua Astigarragan

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 79 2006/03 »  Zirkua Astigarragan



Donostia auzoka

Zirkua Astigarragan
Bai, animatu gara, eta, otsailaren 24an, ikastolan ospatu genuen guk geuk prestatutako zirku-emanaldia. Horretarako, ikerketa-lanak ere egin ditugu, eta erabaki dugu zuei ere zabaltzea lortu dugun hainbat datu.
Bazenekien...

Akrobatak dira soka batetik ibiltzen direnak edo, beste baten sorbalda gainean erortzeko, salto handiak egiten dituztenak... malabaristak dira pilotak, uztaiak eta antzekoak airean bota, eta gero, atzera jasotzen dituztenak.

- Livius Andronicus izan zen lehen mimo-egilea, erromatarren garaian. Hainbeste antzerkitan parte hartu zuenez, ahotsa galdu egin zuen eta, ondorioz, keinuen bidez azaldu behar izan zituen bere poemak.

- Pantomima da, hitzen ordez, keinuak eta jarrerak soilik erabiltzen dituen antzerki mota.

- Jean Gaspar Debrau oso mimo famatua izan zen Parisen, XIX. mendean. Beraren hilobian jarri zuten: “Hemen datza, hitzik esan gabe, egia osoa esan zuen gizona”.

- 1676. urtearen inguruan, antzerkirako testu batzuk debekatu zizkioten aktore talde bati Parisen, agintarien joerak salatzeagatik. Handik aurrera, hitzik gabe antzezten jarraitu zuten: mimo talde bat sortu zuten. “Augusto” deitzen zaie betidanik ezagutzen ditugun sudur gorridun pailazoei.

- Klown deitzen zaio aurpegi txuriko pailazoari, autoritatea erakusten duena, elegantea dena, serioa eta txantxen ez oso laguna.

- Trapezistek proba arriskutsuak egiten dituzte lurretik metro askotara. Antzinako Sobietar Batasunean (gaur egungo Errusian), zaletasun handia zegoen zirkuarekiko, eta estatuak dirua ematen zuen zirkuak iraun zezan.

- Ringling anaiak izan ziren, 1884an, Amerikako Estatu Batuetako zirkuko erregeak. Hamar hilabetez egiten zuten lan, eta guztira 50 emanaldi edo gehiago egin zituzten.

- Azken urteotan, Cirque du Soleil konpainiak elementu artistikoak sartu ditu akrobaziarekin batera, eta ospe handia lortu dute mundu osoan.

- Tigre- eta lehoi-hezlea izan da zirkuko pertsonairik erakargarrienetarikoa. Gaur egun, leku askotan debekatua dago animalia basatiak zirkuan erabiltzea.

- Zirkua, guk gaur egun ezagutzen dugun moduan, 1770. urtean hasi zen ezagutarazten. Erresuma Batuan ezagutu zuten lehenengo aldiz; ejerzitoko zaldun batek sortu zuen; Astley jaunak, hain zuzen. Hasieran, zaldi gaineko akrobaziak egiten zituen; gero, pailazoak eta txakur-hezleak sartu zituen, jende gehiago erakartzeko,

- Batzuentzat, zirkua antzinako Erroman hasi zen: gurdi-lasterketak, gladiadoreak, animalien arteko borrokak, eta abar.

- Zirku hitza latinetik dator. Herri-jolasak egiteko lekua izendatzeko erabiltzen zuten erromatarrek.

- Zirkuko jendea batetik bestera bidaiatzen ibiltzen da, helburu bakarrarekin: besteoi barrea eragitea.

- Hego Ameriketako Txilen, orain dela 100 urte sortu zen lehen zirkua.

- Animalia-hezle espaniar ospetsua izan zen Angel Cristo.

- Espainiako zirku famatuenak Price eta Olimpo izan ziren XX. mendean, baina gaur egun desagertu egin dira.

- Ameriketako Estatu Batuetako zirkuak izan ziren lehenak, dirudienez, karpa erabiltzen.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena