euskaraz.net
Elkarrizketa: Arantzazu Zugasti

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 79 2006/03 »  Elkarrizketa: Arantzazu Zugasti



Elkarrizketa

"Ez diogu Berriari konpetentzia egin nahi"
2005eko azaroaren 26an plazaratu zen lehen aldiz Noticias de Gipuzkoa egunkaria. Gure artean kazeta berria dugunez, eta halakoak ez direnez egunero gertatzen, Arantzazu Zugasti Arizmendi egunkariko zuzendari-laguntzailearekin hitz egin dugu, hainbat argibide emateko.
Zer da zuzendari laguntzaile izatea?

Batetik, hemen dagoen talde guztia koordinatzeko lanak egitea; bestetik, zuzendaria ez dagoenean, zuzendaritza-lanak hartzea. Nolabait esateko, egunkari guztia buruan daraman pertsona da zuzendari-laguntzailea, baita zailtasunak konpontzen ibiltzen dena ere.

Nola eta nork pentsatu zuen egunkari berri bat egitea?

Ideia enpresarena izan zen. Gure egunkariaren atzetik enpresa bat dago, beste bi egunkari dauzkana. Diario de Noticias de Navarra da horietako bat, Iruñekoa; azken 8 urte hauetan oso ondo ibili den, eta bere esparrua oso ondo finkatu duen kazeta da. Duela urtebete pasatxo sortu zen bestea: Diario de Noticias de Álava. Ondoren, zera aurreikusi zuten: nahiko behar handia zegoela Gipuzkoan ere, beste egunkari bat sortzeko. Hori dela eta, enpresak berak erabaki zuen oso toki ona izango zela egunkari bat sortzeko, Gipuzkoako berriak baitira estatu mailan gehien irakurtzen direnak.

Zergatik idazten duzue gehiena gaztelaniaz?

Gaztelaniaz idazteaz gain, euskaraz sortzen diren gaiak ere argitaratzen ditugu, baina egia da gure esparrua ez dela euskarazkoa. Ez da euskaraz egindako egunkari bat, baina euskaraz sortzen den informazioa euskaraz mantentzen dugu. Zergatik? Euskaraz soilik egingo bagenu, Berria egunkariak konpentetzia egingo liokeelako gure kazetari, eta alderantziz. Iruditu zitzaigun Berria egunkariak nahiko lan baduela aurrera ateratzen, eta bazegoela beste espazio bat jorratzeko, Gipuzkoako egunkari nagusiaren aurrean, hau da, Diario Vascoren aurrean.

Nola hartu zenuten izena jartzeko erabakia?

Enpresak dituen beste egunkarien izenak honako hauek dira: Diario de Noticias de Navarra, Diario de Noticias de Álava; beraz, Diario de Noticias de Gipuzkoa behar luke. Baina, gure herrialdean badagoenez Diario... bat –Diario Vasco, hain zuzen ere– Noticias de Guipúzcoa izenarekin ateratzea erabaki genuen.

Nola iritsi zara zuzendari-laguntzaile izatera?

Zuzendaritzaren izenean jaso nuen eskaintza. Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea, lana bulegoan eta nire kabuz egiten nuelako orain arte. Gainera, oso gustura nenbilen, eta egia da dezente kostatu zitzaidala baiezkoa ematea. Baina esan beharra dut oso kontentu nagoela erabaki hori hartu izanaz.

Nolako ikasketak egin dituzu?

Kazetaritza-ikasketak egin nituen Nafarroako Unibertsitatean, eta ikasketak hasi bezain pronto hasi nintzen lanean.

Zer esango zenioke elkarrizketa hau irakurtzen ari denari ?

Ez dakit gure egunkaria ezagutuko ote duen elkarrizketa hau irakurtzen duenak, baina jakin-minez dagoenari, zera esango nioke: probatu dezala, irakurri dezala, eta espero dituen hainbat aukera gurean bila ditzala. Bestetik, norbait kazetaritza ikasi nahian badago, esango nioke oso lanbide ederra dela, eta animatzeko.

Zergatik aukeratu duzue egoitza nagusia Donostian izatea?

Hiriaren erdigunean gaudela esan daiteke, eta, gaur egun, horrelako espazio handia behar duen enpresa batek erabakia hartu beharra du: erdialdea ala kanpoaldea? Kanpoan baldin bazaude, aparkatzeko erraztasuna izango duzu; baina, gero, eguneroko bizimoduan, urruti zaude. Horregatik, erdigunean ibiltzeari eman zitzaion lehentasuna, kalea ikus eta senti dezakegulako.

Eta zenbat egoitza dituzue?

Egoitza zentrala Donostiako Antigua auzoan dugu; horretaz aparte, hamar berriemaile ditugu Gipuzkoako eskualde guztietan, eta baita arestian aipatutako enpresa beraren beste bi egoitzak ere.

Non inprimatzen da egunkaria?

Iruñean inprimatzen da; han daukagu errotatiba, eta hark ematen die jaten gure taldeko hiru egunkariei. Baina beste egunkari batzuei ere bai; adibidez, Berria ere gure errotatiban inprimatzen da.

Nolako pronostikoa egin duzue?

Oraindik gure irakurlegoa finkatzen ari gara. Eskaintzen ditugun aukerak emeki-emeki aurkeztea. Ez dugu uste kazetaritza-munduan oso jauzi handiak eman behar direnik horrelako proiektuekin; helburua, azken finean, pixkanaka gure egitasmoa finkatzea litzateke.



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena