euskaraz.net
Kirola: raftinga

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 79 2006/03 »  Kirola: raftinga



Kirolak

Raftinga: kirol arrakastatsua
Azken urteotan, arrisku-kirolen artean, rafting-ak lortu du arrakastarik handiena. Gero eta jende gehiagok praktikatzen du rafting-a; batez ere Pirinioetako haranetan. Izan ere, ikaragarri gozatzen omen da hango ur-lasterretan; guk ere esperientzia hori bizitzeko aukera izan genuen joan den urtean, eskolak antolatutako bidaia bati esker.


Rafting-aren jatorria Amerikako iparraldean dago: ibai handietan jaitsiera luzeak egiten hasi ziren, talde txikietan, eta motorrik gabeko Zodiac-en tankerako ontzi puzgarri batzuk baliatuz. Haien hasierako asmoa abenturazalea bazen ere, segituan hedatu zen jarduera horretan aritzeko ohitura, eta, denbora gutxiren buruan, zenbait eskola eta talde antolatu, jaitsierak modu formalagoan antolatzen hasi ziren. Orduan, turismoaren zentzua nagusitu zen, eta Europara ere iritsi zitzaigun.

Rafting-erako materiala eta hornikuntza, alokatzeko aukera dago. Ontziaz eta arraunez gain, komenigarria da neoprenozko jantzia –hotzetik babesteko, batez ere–, eta igeri-jaka erabiltzea; bestalde, kolperik ez jasotzeko, beharrezkoa da kaskoa ere erabiltzea. Material guztia aloka daiteke; beraz, ez dago aparteko arazorik.

Pirinioetako bazterrak: leku apartak

Guara mendilerroaren inguruak oso egokiak dira halako ekintzak praktikatzeko, eta, gainera, talde askok prestatzen dituzte antolatutako jaitsierak. Normalean, 6-10 laguneko taldeak antolatzen dira ontzietan sartzeko. Ontzi bakoitzean monitore bat joan ohi da atzealdean, norabidea zuzentzen eta aginduak ematen. Gainerakoek monitorearen aginduetara arraun egin behar dute, eta, haren esanak betetzen ez badira, zaila izaten da ontzia zuzen eramatea. Ur-lasterrak eta -jauziak dira kirol honen alderdirik dibertigarriena; momentu horietan, emozioa eta kontrol-ezaren sentsazioak dira nagusi segundo pare batean. Segituan bukatzen da, eta iskanbilaka eta algaraka hasi ohi dira taldekideak. Ibilaldiaren amaieran, argazkilari batzuek argazkiak ateratzen dituzte ibaiaren bazterretik, eta benetan ikusgarri geratzen dira. Nolanahi ere, jaitsieraren zailtasuna aukeratzea badago; lehenengo mailakoak hasi berrientzako izaten dira, eta oso errazak eta arriskurik gabekoak izaten dira.

Gutxieneko adina.

Berez, rafting-ean jarduteko, gutxienez 16 urte izan behar dituzu; baina, taldean joanez gero, ikastaroak antolatzen dituzte 12 urtetik gorakoentzako ere. Nolanahi ere, hortik aurrera, edozein adinetan aritu zaitezke rafting-ean. Gure ustez, oso gomendagarria da, oinarrizko mailan behintzat ez duelako ia arriskurik, eta naturaz gozatzeko aukera aparta ematen duelako.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena