euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 79 2006/03 »  Musika



Entzundakoak

oso ona ona balekoa txarra

Xoriek

Mikel Laboa

Zer esan daiteke Mikel Laboari buruz? Seguru asko, gure hiriak inoiz emandako kantari eta musikari garrantzitsuenetako bat da Laboa; izan ere, 60eko hamarkadatik hona egin duen lanak, eragin handia izan du gaur egungo musikari gazteenengan. “Xoriek” izeneko hau Mikel Laboaren disko berria da, baina, hala ere, diskoko abestietan bere betiko estiloa ageri da. Izan ere, zenbait abestitan surrealismotik gertu dabil Laboa, bere “Lekeitio” ospetsuetan askotan egin duen bezala. Disko honetan, inoiz baino gehiago, Iñaki Salvador piano-jolearen eragina antzematen da, Iñakiren behatz trebeek batetik bestera eramaten baitute kantari donostiarra. Laboaren diskorik onena ez izan arren, merezi du “Xoriek” honek.
Zatoz nirekin

Etxe

Iñaki Etxezarraga “Etxe”k 21 urte besterik ez ditu, baina, oso gaztea izan arren, azken hilabeteotan arrakasta handia izaten da ari da Euskadi Gaztea Irratiaren top zerrendan. “Etxe” Berrizkoa da, eta bere herriko gaztetxeak antolatutako maketa lehiaketari esker, lehen disko hau argitaratu du bere kasa. Egia esan, oso musika melodikoa egiten du kantari bizkaitarrak, azken urteotan Euskal Herri osoan hain ospetsu bihurtu diren Ken Zazpi eta Sei Urte taldeen ildotik. “Etxe”ren talderik gustukuenak ere klasiko samarrak dira -Itoiz, Zarama, Anje Duhalde, Doctor Deseo, Ruper Ordorika...- eta hori antzeman egiten da bere musikan. Entzun ezazue disko hau, eta etorkizun handiko musikari baten aurrean gaudela ikusiko duzue.


Sextysexers

Azken urteotan, betiko rock´n´rollak berpizkundea bizi du mundu osoan, Hellacopters, Gluecifer eta antzeko taldeek izandako arrakastaren eraginez. Eta, noski, munduan rock´n´rolla berpizten ari bada, beste hainbeste gertatzen ari zaigu Euskal Herrian, azken boladan perretxikoak bezala ugaritu baitira musika estilo hori egiten duten taldeak. Lerrootara ekarri dugun disko hau Sextysexers taldearen lehendabiziko lana da, eta Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu berri du. Sextysexers nafarrak dira, Bera herrikoak hain zuzen, eta eskarmentu handia dute musika munduan. Disko honetako abestiak konposatzeko, molde eta akorde klasikoak erabili dituzte gazte beratarrek, eta alde horretatik, berrikuntza handirik ez dago. Baina indar handia transmititzen dute, hori bai.
“... inoiz kontatu ez nizkizunak...”

Noizean behin

Euskal Herrian musika mundua iraultza moduko zerbait bizitzen ari da azken hilabeteotan. Metak diskoetxea desagertu egin da, baina beste batzuk hartu dute euren lekukoa. Esaterako, Baga-Biga Musika Ideiak izeneko diskoetxea sortu berri da Bizkaia aldean, eta Noizean Behin metal taldearen “...inoiz kontatu ez nizkizunak...” hau, ekoitzi duten lehen diskoa da. Noizean Behin taldeak esperientzia handia du, eta bere garaian, sari bat eskuratu zuten Euskadi Gaztea irratiak antolatu ohi duen maketa lehiaketan. Disko honetako hamar abestiak metal hutsa dira, horrek esan nahi duen guztiarekin: gitarra indartsu eta pisutsuak, eta eztarria urratzen duen kantariaren melodia itsaskorrak. Disko gomendagarria da metal musika maite dutenentzat.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena