euskaraz.net
Gizonezkoak etxeko lanetan

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Gizonezkoak etxeko lanetan



Iritzi-miritziak

Gizonezkoak etxeko lanetan
Topiko ezaguna da, gaur egun, gizonezkoek etxeko lanetan zein gutxi laguntzen duten eta emakumeek zenbat lan egiten duten. Izan ere, hori gertatzen da, kasu guztietan ez esatearren, gehienetan. Betidanik izan da horrela eta, tamalez, antzera jarraitzeko itxura osoa du. Nolanahi ere, gutxika, gaur egungo gizartearen ideologia aldatzen doa, eta gero eta parte-hartze handiagoa dute familiako kide guztiek etxeko lanetan.

Hasteko, esan beharra dago etxeko lanez arduratzea ez dela zeregin makala. Lan asko egin behar da etxean, batzuetan huskeria iruditzen bazaigu ere. Bestalde, lan horiek ez dira batere interesgarriak eta, bakarka egitekoak izaten direnez, aspergarriak izaten dira. Gainera, lan horien truke ez da soldatarik jasotzen.

Gaur egun, emakume askok etxez kanpo lan egiten dute eta, horrek gizonek erabilitako aitzakia deuseztatzen du; alegia, gizonak dakarrela dirua etxera dioen aitzakia. Hala, emakume askoren lana bikoiztu egiten da, kanpoko lanaz gain etxeko lanez ere arduratzen direlako. Dena dela, horrek ez du esan nahi gizonezkoek etxean inoiz laguntzen ez dutenik ere.

Arazoa haratago doa, ordea; etxeko lanen banaketa ez da orekatua izaten. Emakumezkoak etxearen garbiketaz, arropaz eta erosketez arduratu ohi dira. Gizonezkoak, berriz, sukaldean aritzen dira asko jota, edo erosketetan. Horrek agerian uzten du lanak banatzean jarrera sexista dagoela oraindik ere.

Hori saihesteko, eta ondorio gisa, heziketa beharrezkoa dela esango nuke; txikitatik erakutsi behar zaie etxeko lanak denen ardura direla. Hala, familiako kide bakoitzak bere zatia betez, etxeko lanak hobe kudeatzen dira eta seme-alabek ohitura onak hartzen dituzte gurasoen etxea uzten dutenerako.
Piarres Mendizabal
Donostiako EASO Institutu Politeknikoa

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena