Irakurritakoak
|
|
“Zugan pentsatuko dut”
Idazlea: Gloria Lloret
Argitaletxea: Elkar
Martak Alaine izeneko neska bat gonbidatu du uda pasatzera etxera. Alaine gazte frantsesa da, eta Martak haren gurasoak ezagutzen ditu. Martaren seme-alabek, Jordik eta Andreak, ez dute albistea batere ongi hartuko hasieran, baina, azkenean, Palamosko hondartzetan, familia horrek urtero uda pasatzen duen lekuan hain zuzen, oso harreman polita sortuko da Andrearen eta Alainen artean. Eta ez hori bakarrik! Jordi eta Alaine maitemindu egingo dira, eta esperientzia zoragarria biziko dute azken egunera arte.
Niri istorioa zoragarria iruditu zait, atsedenik gabekoa delako. Hori dela eta, oso arina eta irakurterraza da. Maitasuna, adiskidetasuna eta anai-arreben arteko harremanak aztertzen ditu, eta baita nerabezaroko gorabeherak ere.
Nire iritziz, ipuin hau nire adineko gazteentzako modukoa den arren, beste adin batean ere ez legoke hura irakurtzeko eragozpenik, oso hiztegi erraza baitu. Nik, beharbada, istorioa pixka bat luzatuko nuke. Eta, hala, esate baterako, Alainekin izandako beste topaketa bat kontatuko nuke.
Irati Carrion. 2M
|
“Usoa eta karpeta morea”
Idazlea: Elena Odriozola
Argitaletxea: Erein¤
Usoa hiri batean bizi den neska adoptatua da. Zigortuta dagoen egun batean, bere familia biologikoaren datuak dauzkan karpeta more bat aurkitu du. Albiste horrek Usoa gurasoen kontra jarriko du, Dan –Afrikan egondako misiolari bat– ezagutzen duen arte. Gizon horrek Usoari arazoa ulertzen eta gainditzen lagunduko dio. Misiolariaren laguntzak Usoa zoriontsuago egingo du, eta gauzak bere onera itzuliko dira.
Liburua batzuetan bigarren pertsonan eta beste batzuetan hirugarren pertsonan dago idatzita, eta hori nahasgarri samarra iruditu zaigu. Gainera, Usoak ez duela oso nortasun finkoa iruditzen zaigu. Horrek, agian, errealismoa kentzen dio liburuari. Guk, liburua norbaiti gomendatzekotan, 10 urte inguruko gaztetxoei gomendatuko genieke.
Pablo Seminario, Alex Etxaniz eta Ane Sanchez
Peñaflorida BHI, 2P taldea
|
|
|
“Zelina”
Idazlea:Jesus Mari Mendizabal
Argitaletxea: Elkar
Dorleta eskolako lagunekin Pueyo herriko ostatu batera joan zen. Han zeudela, herriko aitona batek istorio bat kontatu zien. Zelina izeneko emakume bat errekan ito zen, eta harrez gero, neskatoaren adatsa bertan azaltzen omen zen gauetan. Hori guztia gutxi balitz bezala, soinu bitxiak eta argiak ere sumatzen omen ziren.
Lagunek istorioa entzun zuten unetik aurrera, misterio eta buruhauste asko gertatu zitzaizkien. Baina hori ezin dizuegu kontatuko, zeuek irakurtzea baita onena.
Liburu honetan, istorioan barrena gertatzen dena aurreikus daiteke. Bukaera, ordea, oso harrigarria da, ez genuen halakorik espero. Euskara mailari dagokionez, esaldi askok bertsoen antolamendu bera dutela nabaritu dugu. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, nahiko astuna egin zaigu batzuetan.
Joseba Brito, Ainhoa Alberro eta Esti Mitxelena.
Peñaflorida BHI, 2P taldea
|
“Gerrateko ogia”
Idazlea: Deborah Elis
Argitaletxea: Ibaizabal
Kabul (Afganistan) talibanek menperatu dute, eta gizonezkoei bakarrik uzten zaie kalera irteten. Istorioak familia bati gertatu zitzaiona kontatzen du. Aita atxilotu ondoren, emakumeak bakarrik gelditu dira, eta, horren ondorioz, Parvana izeneko alabak mutil baten itxura hartu beharko du lan egin ahal izateko. Ahizpa zaharra, Norah, ezkontzear dago; horregatik, Parvana izan ezik, beste guztiak Mazar i Sharif-era doaz besteen bila, hura ere talibanek menperatuko baitute.
Istorioa oso gustukoa izan dut, beste liburuetatik ondo desberdintzen delako eta errealista delako. Azkar irakurri dut, ondoren zetorrena irakurri nahian. Oso entretenigarria da, nahiz eta apur bat tristea izan eta gerra garaian ogia etxera eramatea zeinen gogorra den kontatzen duen.
Euskara maila nahikoa aberatsa da, baina, gaia gustatuz gero, primeran irakurtzen da. Beste herrialdeetako bizimodua interesatzen zaien pertsonei gomendatuko nieke, munduko beste leku batzuetan pertsonak nola zigortzen dituzten eta diru apur bat lortzea zeinen gogorra den jakin dezaten.
Ana Blanco 2M
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|