euskaraz.net
Aiton-amonen haurtzaroa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 81 2006/06 »  Aiton-amonen haurtzaroa



Donostia auzoka

Añorgako aitona-amonen haurtzaroa
Aurten, hainbat ekintza antolatu ditugu Amassorrain ikastolan, Euskararen Astean, garai bateko jolasen inguruan. Horien haritik, aitona-amona xarmagarri batzuk gurera etorri ziren, eta gure neska-mutilek elkarrizketatu egin zituzten.
Txikitan zertan jolasten zineten?

Muñeketan, muñekak janzteko arropa ebakitzen. Buleketan, kaniketan . . . gauza askotan.

Zein joko zen garai hartan ospetsuena?

Oso ospetsua zen “pañuelito”. Beno, ez dakit, guk erdaraz esaten genuen. Zuek orain “zapi txuria” esaten diozue. Asko jolasten genuen. Mutilak pilotan.

Zein adineko lagunekin ibiltzen zineten jolasean?

Beno... gutxi gora behera, adin beretsukoekin.

Etxean edo kalean jolasten zineten?

Eguraldi txarrarekin etxean, eta onarekin, kalean beti. Etxean ez zegoen telebistarik, eta muñeketan ibiltzen ginen. Ostegun arratsaldean jai izaten zen, sagratua zen hori. Baina larunbat osoa eskolan ematen genuen.

Neskak eta mutilak elkarrekin jolasten zineten?

Ez. Joko batzuetan bai, buleketan... Neska batzuei gustatzen zitzaien pilotan edo arboletara igotzen ibiltzea, baina gaizki ikusia zegoen.

Zer desberdintasun dago lehengo jostailuen eta oraingoen artean?

Lehengo jostailuak guk egindakoak ziren, trapuzko muñekak, harizko pilotak, kotxeak, baloi zaharrak belarrez beteta... Beno, orduan ere baziren jostailu bereziak, bizikletak... Baina, ikusi behar nolakoak ziren. Gu pobreak ginen.

Ba al zenuten baloirik edo erositako jostailurik?

Erositakoak ...? Aberatsak zirenek bai, gu bezalakoek ez. Errege egunean, Añorgan, gure gurasoek lana egiten zuten, eta erregali bat jartzen ziguten -muñeka, kotxea, baloia-, eta horrekin urte guztia. Ondo zaindu behar zen hori.

Eguneko zein momentutan jolasten zineten? Goizean? Arratsaldean?

Errekreoan gehiena. Eskolatik irteten ginen 17:00etan, merienda hartu eta kanpora.

Zein adinekin hasi zineten lanean ?

14 urterekin. Eskola bukatzen genuen 14 urterekin, eta lanean hasten ginen. Batzuk lehenago. Ilunabarrean bazegoen, Añorgan, eskola bat, eta hara joaten ginen. Sukaldaritza, “corte y confeccion”... ikasten genuen, 18:30etatik 20:30etara.

Asko ordaintzen al zizuten?

Ordaindu... ezer ere ez. Oso gutxi.

Nola jolasten zineten, taldean edo bakarrik?

Lagunekin, taldean. Soka-saltoan edo kaniketan taldean izan behar.

Orain zuek bakarrik jolasten al duzue?

Baaaaaai!

Zertan?

Bideo jokotan!

Zeintzuk iruditzen zaizkizue jostailu politagoak, oraingoak edo garai haietakoak?

Hain desberdinak dira! Guretzako haiek dira politenak, oraingoak ez baititugu ulertzen, galdu egiten gara.

Nahiz eta jostailu apalagoak izan, gu oso gustura ibiltzen ginen haiekin.

Hau izan da gure auzokideek eskaini diguten une polita. Asko ikasi dugu, eta asko eskertzen dizuegu zuen esperientzia ezagutzeko eman diguzuen aukera.


Argazkiko aitona-amonen izenak hauek dira, ezkerretik eskuinera: Pili Alkain, Josetxo Fabrique, Mari Elizegi, Constantino Rodriguez, Kontxi Elizegi eta Evaristo Aiestaran.
Amassorrain 5. maila (B)

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena