euskaraz.net
Skim-board

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 81 2006/06 »  Skim-board



Kirolak

Skim-board: surfaren senide txikia
Gaur egun, kirol berriak etengabe agertzen ari zaizkigu inguruan. Batzuk asmakizun berriak dira, beste batzuk, ordea, kirol tradizionalen aldaerak edo bilakaerak izaten dira. Horren adibide dugu skim-board izenekoa.
Skim-boarda delakoa surfetik datorren ekintza berria da. Oso erakargarria da gazteentzat, eta geroz eta gehiago dira hondartzetako itsasertzean egurrezko ohol txiki baten gainean ibiltzen direnak.

Kirola eta jolasa uztartzen ditu

Kaliforniatik datorren ohitura hau hondartza bazterrean egiten da, hau da, olatua lehertu ondoren hondarretara doan ur gutxiko eremuetan. Beste aukera bat olatu txikiez baliatzea da, itzuli azkarrak eta kizkurrak egin ahal izateko; baina, horretarako, itsasaldera egin beharra dago. Olatu bila joan ala ez, skim-boardlariak, korrikaldi bizia egin behar du, ohola uretara botatzen indarrez bota, eta, jauzi eginez, oholaren gainean zutitzea du helburu.

Estilo honetan aritzen direnek diotenez, surfaren antzeko bizipenak eragiten ditu modalitate honek. Surf egiten ikasi nahi baduzu, hauxe izan daiteke lehenengo urratsa.

Ez dakigu jarduera hau kiroltzat har daitekeen ala ez, baina argi dago oso dibertigarria eta edonork egiteko modukoa dela. Gainera, surfbaino errazagoa eta askoz ere merkeagoa da.

Kirol merkea

Kirol honetarako ez da gauza askorik behar. Izan ere, gehienbat udan egiten denez, neoprenozko jantzia ez da beharrezkoa izaten, eta oholak, berriz, askoz ere merkeagoak dira. Surf-oholek 300 eurotik gora balio dute, eta ohol hauek -egurrezkoak nahiz fibrazkoak- 30-60 euro bitarteko prezioa izaten dute. Kontuan eduki behar da askoz ere txikiagoak direla, eta ez dutela lemarik, lema edukiz gero hondarretan sartuko lirateke eta.

Beraz, uda honetan bizipen berriez gozatu nahi baduzu, gure hirian bada leku egokirik. Anima zaitez, eta probatu.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena