euskaraz.net
Euskal balea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 82 2006/11 »  Euskal balea



Donostia auzoka

Euskal balea
Euskal balearen arrantzari buruzko lanak egiten ari gara, eta, horren harira, Igeldotik Oriorako ibilaldia egitea pentsatu dugu.


9:00etan gelditu gara Pio XII.aren plazan, baina jendea berandu iritsi da.

9:20 aldera etorri da autobusa, eta bi taldetan banatu gara. Handik bost minutura, 9:25ean, Igeldora abiatu gara, autobusez.

9:47an, autobusetik jaitsi gara Igeldoko Ekaitz tabernaren parean, eta beste autobusean zihoazenekin elkartu gara. Irakasleek ez erretzeko krema ematea gomendatu digute, eta denok krema ematen hasi gara.

9:58an abiatu gara Oriora. Errepide bazterretik eta binaka joateko esan badigute ere, nahi bezala joan gara.

10:30ean, atsedenaldia egin dugu parke batean. Bazeuden mahai batzuk bertan, eta, eserita, hamaiketakoa egin dugu.

11:20 aldera, Kukuarrira iritsi gara. Han lehenbiziko ekimena egin dugu. Irakasleak azaldu digu, garai batean baleak kostalderaino iristen zirela, eta arrantzaleek behatoki batzuk izaten zituztela, itsasoa zaintzeko. Kukuarri omen zen horietako bat. Balea azaltzen zenean, sua piztu eta herrikoei abisatzen omen zieten, eta hauek traineruetan ateratzen omen ziren, balearen bila.
Azalpenaren ondoren, handik ikusten den euskal kostaldea marrazteko esan digute. Marrazkia bukatutakoan, batzuk beherantz jaisten hasi dira. Beste batzuk, aldiz, bazkaltzeko ekarritako ogitartekoa jaten hasi dira, baina oraindik goizegi zenez, berriro motxilan gorde dute bazkaria.

11:41ean, denok marrazten bukatu dugunean, Kelex eta Mari Jose irakasleak aurrean eta Ane eta Isabel atzean jarri dira, eta bideari jarraitu diogu.

12:15 aldera Ane irakasleak deitu du, galdu egin direla esanez. Ezkerreko bidea hartzeko esan diogu. Azkenean denak agertu dira, nahiz eta beste bide batetik etorri diren.

13:10ean bi taldetan banatu gara. Talde bat Kale Nagusian eseri da, eta bakoitzak bere koadernoan marraztu du pareko etxebizitzan marraztuta dagoen XVI. mendeko baleontzia. Beste taldea, berriz, pixka bat aurrerago joan da, herriko plazara. Balea baten hezur fosilizatua dago bertan, eta, ondoan, euskal balearen arrantzari buruzko idazki bat dago. Hor jartzen duena koadernoan kopiatu dugu.

13:30ean plaza batera joan gara, han inguruan bazkaltzeko. Gu Oria ibaitik gertu dagoen parke txiki batera joan gara.

15:15ean etorri da trena, eta denok sartu gara, inor kanpoan gelditu gabe. 15:45ean, denak agurtu ondoren, Lugaritzeko geltokian jaitsi naiz, geltoki hori gure etxetik gertuago dago eta.