euskaraz.net
Oreka TX

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 84 2007/02 »  Oreka TX



Donostia auzoka

“Izotzezko txalapartak zer soinu izan zezakeen jakiteko, proba egin genuen”
Txalaparta da, ezagutzen ditugun instrumentuen artean, bi lagunen artean jotzen den bakarra. Ezinbestekoa da bi lagunek elkar ulertu eta errespetatzea. Guk horretaz Oreka TX tadeko Harkaitz Martinezekin hitz egin dugu.
Zergatik aukeratu zenuen txalaparta?

Txalaparta baino lehen gitarra jo nuen eta auzoko lagunekin Utikan taldea sortu genuen. Hori baino lehenago Orion taldean ibili nintzen eta lehen kontzertua eman genuen hemen, eskolako ikasturte bukaerako festan.

Ikastola bukatuta Hernanira joan nintzen ikastera. Han ezagutu nuen txalaparta, eta izugarri gustatu zitzaidan. Oso irakasle ona izan nuen: Juan Mari Beltran. Garai hartan txalaparta desagertzear zegoen eta berreskuratze lanetan hasi ziren Beltran, Artze anaiak eta beste batzuk. Guk ikasi egiten genuen eta, aldi berean, txalapartaren alde lan egiten genuen. Horregatik aukeratu nuen.

Noiz sortu zen Oreka TX taldea?

1997an sortu genuen Igor Otxoak eta biok. Kepa Junkerarekin aritu ginen, baina, txalaparta-bikote gisa izena jartzeko beharra sentitu genuen eta Oreka izena jarri genion.

Nola bururatu zitzaizuen “Nomadak TX” film dokumentala egitea?

Ez da filma bakarrik, proiektu bat da, lau urtetako proiektua. Hainbat atal ditu: pelikula, diskoa (atera berria), dokumental sailak (bidaia bakoitzeko bana) eta kontzertuak.

Kepa Junkerarekin asko bidaiatu genuen; AEBetan, Japonian, Txinan, Europan eta Estatuan barrena ibili ginen. Ia astebururo ateratzen ginen, baina joan-etorria izaten zen: joan, jo eta etorri.

Guk beste era batean bidaiatzeko gogoa sumatu genuen: lekura iritsi, jendea ezagutu, bertan egon, jendearekin elkar ulertu, elkar komunikatu, eta abar. Beste alde batetik, txalaparta lantzen jarraitu nahi genuen eta horretarako interesgarria zitzaigun beste herrialdeetako musika, erritmoa, materialen sonoritatea eta tinbreak ezagutzea eta esperimentatzea.

Munduko zein lekutara joan zineten herri nomadak ezagutzera?

Lehenengo bidaia Indiara egin genuen, Adibasi herria ezagutzeko. Bigarrenean, Laponiara, Sami herrira joan ginen. Hirugarrenean, sahararren kanpamentuetara. Tuareg herria ezagutzeko Algeriara joateko asmoa genuen, baina han genuen kontaktua, bertako musikari bat, basamortuan izandako uholdeetan hil zen, eta bertan behera utzi genuen bidaia. Azkenekoa Mongoliara, Txatan herrira.

Zein herrirekin ulertu zineten errazago?

Hizkuntza bera hitz egiten denean errazagoa da, baina bereziena Txatanekin izan zen, ez genuelako inongo hizkuntza komunik. Keinuen bidez moldatzen ginen. Oso harreman bitxia sortu zen.

Nolatan bururatu zitzaizuen izotzezko txalaparta egitea?

Material bakoitzak soinu berezia du, bai egurrak, bai plastikoak… eta ez genekien izotzezko txalaparta batek zer soinu izan zezakeen eta proba egitea erabaki genuen.

Zergatik Oreka Tx izena?

Zergatik iruditzen zaizue?

Txalapartarekin oreka behar delako?

Ez txalapartarekin bakarrik. Desoreka da batek asko hitz egitea eta besteari ez uztea, protagonismo osoa pertsona bakarrak hartzea... Oreka da biok berdin izatea. Oreka jarrera bat da, errespetuzko jarrera bat.

Eta Tx?

Txalapartaren lehenengo bi letrak direlako eta euskaran ere esanguratsuak direlako.

Amassorrain Ikastola


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena