euskaraz.net
Kirola: surfa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 85 2007/03 »  Kirola: surfa



Erreportajea

Surfa, gaur egungo kirola
Mundakako proba Boby Martinezek irabazi zuen arren, Kelly Slater izan zen berriz ere munduko txapelduna.
Surfa da neska-mutil gazte askoren hobbyetako bat. Baina, gaur egun modan dagoen arren, duela asko asmatu zuten Hawaiin. Gaur egun munduko txoko askotan egiten da, eta aldaera asko daude.
Bi surf kategoria daude: shortboard edo taula motzeko surfa (1,5 m-tik 2 m-ra) eta longboard izenekoa, (2 metrotik gorakoekin egiten da). Surf estilo klasikoaren haritik, longboardarekin hasi ziren. 70eko hamarkadatik aurrera, taulak gehiago lantzen hasi ziren, oraingo shortboardak sortu arte.

Surfa egiteko beharrezkoa da gogoa eta indar pixka bat, uretan olatu handien artean ibiltzeko.

Olatu bat hartzea 20 minutuko lana izan daiteke, korrontearen aurka barrura sartu behar baita. Surflari batzuek 5 olatu bakarrik hartzen dituzte ordu batean, eta gainerako denbora itsasoaren aurka lehian igarotzen dute. Merezi du, ordea, gozamen handia baita olatu gainean ibiltzea.

Olatu bakoitza ezberdina da. Olatua harrapatu ondoren, olatuak sortzen duen zirrara dator. Jende asko egoten da uretan, baina surflaria itsasoan barrena ibiltzen da, bakarrik.

Azken urteotan surfa ikaragarri zabaldu da jendearen artean, eta, ondorioz, hondartzak tokirik gabe gelditzen ari dira. Horregatik, hainbat tokitan surfa egiteko esparru mugatuak jarri dituzte.

Mundaka

Urriaren 3tik 14ra bitartean, Mundakan munduko 40 surflari onenak elkartu ziren Mundakako Billabong Pro surf txapelketan. Proba honek munduko txapelketarako puntuak ematen zituen eta hori dela-eta, Kelly Slater izan zen berriz ere munduko txapelduna, Mundakako proba Boby Martinezek irabazi zuen arren.

Bizkaiko Golkoa da surf egiteko Euskal Herriko gunerik entzutetsuena: Ereaga, Mundaka, Laga, Sopelana, La Salvaje, Meñakoz, Barrika, Bakio eta abar. Euskal Herriko olaturik ospetsuena Mundakako ezker olatua da. Mundakako olatua Laidako hondartza eta Mundakakoa bereizten dituen kanalean sortzen da. Olatu hutsa eta luzea da. Mundu osoko surflariak etortzen dira olatuaz gozatzera.

Bodyboard

Surfean bada bodyboard izeneko beste kirol bat. Surfaren antzekoa da, baina etzanda edo erdi etzanda egiten da. Gorputzaren erdia taulatik kanpo dagoenez, besoen propultsioa ez da surfean bezain eraginkorra. Beraz, hanken indarraz asko baliatzen dira, hegatsak erabiliz.

Paula Cárcamo, Begoña Mendibil, Klara Larrunbide, Amaia Alcelai eta Meritxell Arsuaga



Shortboard-arekin egin daitezkeen mugimenduak
Take off: lehendabiziko mugimendua da; surflariek arraun egiteari uzten diote taula gainean zutik jartzeko.

Botton turn: take off-aren ondoren, olatuaren beheko aldean egiten dute bira. Egingo ez balute, aparrak harrapatuko lituzke.

Cutt back: olatuaren pareta igotzea, goian bira bat egin eta berriz jaisteko.

Reentry: olatuaren goiko partean zaudela 180 graduko bira ikaragarria egitea.

Floater: olatu hautsiaren aparraren artean nabigatzea.

Hodia: olatuaren tunel barrutik igarotzea. Surfeko mugimendurik ikusgarriena da bere zailtasunagatik. Edozein surflariren ametsetako olatua da.

Airekoa (edo air): airean egiten den edozein mugimenduri esaten zaio.

360: reentry bat eginez hasten da, baina norabide horretan biratzen jarraitzen da 360 gradura arte.


Longboardarekin egin daitezkeen mugimenduak
Hang Five: taularen gainean ibiltzea da, hanketako bat aurrean gelditu arte.

Hang Ten: bi hankak taularen aurreko muturrean jartzeko mugimendua da. Abiadura eta oreka handia behar dira hau egiteko, bestela taula hondoratu egiten baita.

Drop Knee: longboard-aren bira klasikoari esaten zaio. Cutt Back bat bezalakoa da, baina atzeko hanka flexionatuta eramaten da belaunak taula ukitu arte.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena