euskaraz.net
Bladimir Añorgan

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 88 2007/11 »  Bladimir Añorgan



Donostia auzoka

Bladimir, Ukrainako gazte ezaguna
Bladimir Ukrainan bizi da, Kiev hiriburutik 40 kilometrora. 14 urte ditu. Zortzi urte zituenetik etortzen da Euskal Herrira.
Bladimir oso ezaguna da Añorgan. Amassorrain ikastolako familia baten etxera etortzen da opor garaian. Bere hemengo ama den Kontxi Galatasekin hitz egin dugu 4. mailako ikasleok.

Nola bururatu zitzaizuen Bladimir Euskal Herrira ekartzea?

1986ko apirilaren 26an Txernobilen gertatutako hondamendi nuklearraren ondorioz jendeak nolako osasun-arazoak zituen jabetu ginen prentsaren bitartez. Arazo horiek hunkituta, Chernobil Elkartea ezagutu eta haur haiei laguntzea erabaki genuen.

Zergatik etortzen da Bladimir uda oro Ukrainatik hona?

Kutsatutako herri batean bizitzearen ondorioz ahuldutako organismoa indartzeko asmoz ekartzen ditugu Bladimir eta bera bezalako beste hainbat (400 bat haur, guztira) urtero Euskal Herrira.

On egiten al dio hemen egoteak?

Lehen, neguan, ospitalera joan behar izaten zuen behin edo bitan, eta hona etortzen hasi denetik, ez da inoiz gaixotu. Hona etorri bezain laster, mediku-azterketa egiten zaie.

Zu izan al zara inoiz Ukrainan?

Bi aldiz joan naiz bertara, elkarteko jendearekin. Bladimirren familia, bere eskola eta auzoa ezagutu nituen.

Nolakoa da bere herria?

Oso laua da. Kaleetan ez dago argirik, nahiz eta arratsaldeko hiruretan iluntzen duen. Hotz handia egiten du, baina gasa dohainik dute, eta etxe barruan goxo egoten dira. Pobrezia handia dago han.

Eskolak oso itxura ona du. Uniformez jantzita joaten dira. Ez dute libururik erabiltzen. Ikasle guztiek dute letra ona. Musikari garrantzia handia ematen diote.

Zein animalia eta landare dituzte?

Ia etxe guztietan dituzte animaliak. Akuriak, katuak edo txakurrak izaten dituzte, maskota modura. Goiz iluntzen duenez, ordu asko egiten dituzte etxean, eta animaliekin jolasten dira. Etxe inguruan baratza txikiak dituzte gehienek. Neguan, ordea, dena izoztuta egoten da, eta ezin izaten dute ezer landatu.

Zer jaten dute?

Zopa da hango janari nagusia. Zopan jaten dute patata, arroza, aza edo daukatena.

Non bizi da gusturago Bladimir; Ukrainan ala Euskal Herrian?

Berak garbi du hemen dagoenean oporretan dagoela, baina bere etxea han dagoela, eta familian oso pozik bizi da.

Uda amaitu eta Bladimirrek joan behar duenean, pena sentitzen al duzue?

Pena handia!

Urtean zehar harremanetan egoten al zarete?

Askotan hitz egiten dugu telefonoz, eta tarteka-tarteka paketeak ere bidaltzen dizkiegu: janaria, arropa, opariak, eta beste hainbat gauza.

Amasorrain, 4. maila


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena